KIVa EGUNA

Gure ikastolan KiVa programa abian dugu!

KiVa bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako programa da. KiVa programa Finlandiako Hezkuntza Ministerioak eta Turkuko Unibertsitateak sortu eta garatutako eredu bat da, eskola-jazarpena murriztea xede duena. Frogatuta dago: KiVa-k eskolan jazarpena murrizten du eta ongizatea hobetzen du!

KiVa ikasgaietan, ikasleek jazarpenaren kontra borrokatzeko bideak ikasiko dituzte

Ikasleek KiVa ikasgaiak izango dituzte. Ikasgaietan eztabaidak, taldeko lana, eskola-jazarpenari buruzko film laburrak eta rol-jokoak sartzen dira. Gaiak, orokorrak dira: errespetuaren garrantzia giza harremanetan eta bullying-aren mekanismoak eta ondorioak. Ikasgai askotan, jazarpen egoeretan taldeak jokatzen duen rola aztertzen da; ikasleek jazarpenari aurre egiteko moduei buruz hausnartu eta praktikan jarriko dituzte.

KiVa taldeak eta gelako irakasleak elkarrekin aurre egiten diete jazarpen-kasuei

Gure ikastolak KiVa talde bat du, ikastolako irakasleez osatua. Talde hori, gelako tutorearekin batera, jazarpen-kasuen kudeaketaz arduratuko da. Iaz  eskolako langileek formazioa jaso zuten, KiVa programa nola ezarri jakiteko eta jazarpen-kasuak kudeatzeko.

Proiektu honetan familiaren lankidetza eta kolaborazioa nahitaezkoa dela ulertzen dugunez, KIVAko webgunean gurasoentzat gida bat eskuragarri duzuela jakinarazten dizuegu. www.kivaprogram.net/basque.

Gidaliburu honen helburua da gurasoei bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako informazioa ematea: gaur egungo ikerketei esker zer dakigun eta etxean eta eskolan zer egin dezakegun azaltzea.Jazarpenaren auziari behar bezala heltzeko, garrantzitsua da etxearen eta eskolaren arteko lankidetza sustatzea.KiVa-k horixe esaten du: egin dezagun elkarrekin!

“Gure ikastolan jazarpenik ez”

KiVa eguneko argazkiak ikusgai.