Zorion etxe hontako denoi…

Otsailaren 4a, Santa Ageda eta San Martinen heriotzaren bezpera, Euskal Herriko egun handia da, eta Bergarakoa bereziki. Hala dio koplak ere! Aurten igandea izan da eta eguraldi eskaxa egin du, sasoiari dagokiona.

Hala ere, ikastolako patioan elkartu gara eguerdian ohitura honekin aurrera egin nahi dugun ikasle, guraso eta irakasle balienteak. Abestalde polita osatu dugu, eta gogoz eta ondo kantatzen badakigula erakutsi dugu kalerik kale egindako saioetan. Nabaritu da aurreko egunetan ongi entsaiatu dugula! Eta ezin utzi aipatu gabegure trikitilari bikainak: eskerrik asko Maren eta Haizea, guztion artean kale tristea alaitu eta girotu dugu!

Iluntzean, berriz, nagusien txanda izan da; urtez urte handituz doa taldea! Ez da harritzekoa bertan sortzen den giro bikaina ikusita. Gazteak ere batu zaizkigu, abeslari apartak! Koplak eta kantariak, gure arteko giroa bezain onak. Eta zer esan gure trikitilariez! Mundialak! Gainera, bat-bateko bertsolariak ere izan genituen kantuan, jaia borobiltzeko.

Etxerako ordua, ostera, luzatu egin zaigu. “Igande iluntzea dela eta gaur goiz…”, esandakoa ahaztuta:

- Zer, jada etxera? Tira, tira, ondio ez dogu han abestu-eta… Eta ez al ga horra joan bihar? Datorren urtean gehixao eta hobeto!

Ikusi argazki gehiago hemen.