Yayo Herrero ekofeminista madrildarraren bisita izan dugu

Argazkian: ikastolako guraso eta Artezkaritza Kontseiluko kide Arianne Kareaga eta Yayo Herrero ikerlari eta ekintzaile madrildarra.

Yayo Herrero ikerlari eta ekintzaile ezagunaren presentziaz eta jakinduriaz gozatzeko aukera izan dugu Aranzadi Ikastolan. Hezkuntza-ereduaren eta pedagogiaren inguruan solastu gara, eta gurekin partekatu ditu hezkuntza-gune desberdinetan izan dituen esperientziak.

Antropologoa, nekazal-ingeniaria, gizarte-hezitzailea, irakaslea eta ekofeminismoaren ekintzailea da Yayo Herrero madrildarra. Europa mailako ikerlari garrantzitsuenetako bat da ekofeminismoari eta ekosozialismoari dagokionez. Defendatzen du egungo ingurumen-krisia kapitalismoaren garapen- eta ekoizpen-ereduaren ondorio dela; mundu fisikoak mugak dituenez, garapen ekonomikoa ezin dela mugagabea izan. Gainera, iritzi du egungo eredu ekonomikoa beharrezkoak ez diren lanetan oinarritzen dela, eta erabat baztertu eta prekarizatuak daudela bizitza jasangarri egiten duten lanak: nekazaritza eta ugalketa eta zaintza lanak, adibidez. Horren aurrean, eredu ekonomiko berri baterako trantsizio-aldia proposatzen du, non kontuan hartuko diren pertsona ororen beharrak eta ingurumenaren birsorkuntza bideratuko den.