Kilometroak urte osokoa izango da 2020tik aurrera

Kilometroak jaiaren etorkizunari buruzko gogoeta egin dugu azken bi urteetan Gipuzkoako ikastolok. Azken urteetako norabidea aztertu dugu, eta aldaketa batzuk proposatu. Zumarragan aurkeztu dugu proposamena, han izango baita aurten Kilometroak. Aldaketa bera, hala ere, 2020an jarriko dugu abian.

Gogoeta prozesuan ondorioztatu dugu Kilometroak antolatzea zama handia izan ohi dela urte horretan ardura duen ikastolarentzat, eta jaiak Gipuzkoako ikastola guztien ardura izan beharko lukeela. Horregatik, bi aldaketa nabarmen: batetik, urriko jai nagusiaz aparte, eskualdez eskualdeko ekitaldi txikiagoak egingo ditugu urtean zehar; bestetik, ikastolen kultur harrobia plazaratzeko izango da Kilometroak. Pisua eman diogu autoekoizpena lantzeari, eta kontsumo ereduaz ere ohartarazi nahi dugu. Beraz, doikuntzak egingo ditugu, jaialdia ikastola eredura moldatu nahi baitugu.

Gaztetxoen droga kontsumoaz badugu kezka, eta, hori saihesteko hasitako bidean, haiei bideratutako parte hartze ekintza gehiago jarriko ditugu. Horrez gain, euskararen erabilera igo beharraz ere hausnartu dugu. Oraingoz, Gipuzkoako ikastolen jaiari buruzko gogoeta plazaratu dugu, baina gainerako herrialdeetan ere ari gara egoera aztertzen.