Nor Gara?

Aranzadi ikastola 500 familiek, 712 ikaslek eta 62 profesionalek osatzen dugu, beste hainbat laguntzailerekin batera.

Gipuzkoan, Debagoienan, Bergaran kokatzen den hezkuntza komunitate demasa osatzen dugu, baina ez gara bakarrak, herrian administrazioaren menpeko ikastetxeak eta kristau eskola ere badaude.

Gure familiak haurra jaio eta lau hilabetera has daitezke ikastolako kide izaten eta Derrigorrezko eskolaldia nahiz Batxilergoa bukatu arte jarrai dezakete gurekin.

Gure ikastola Bergarako guraso batzuk sortu zuten 1971 urtean eskola euskaldun eta berritzailea nahi zutelako eta izpiritu horri heldu diogu gure 44 urte hauetan:

  • Herriak sortu zuenez, herriari eskainiak gara eta horrela ikusi du baita Eusko Jaularitzak Herri Onura izendapena eman digu-eta. Izaera publikoa dugu eta Irabazi Asmorik Gabeko erakundea gara.
  • Debagoienan sortua izateak eta gurasoek sortua izateak ekarri du Irakaskuntza Kooperatiba izatea.
  • Aranzadi ikastola aitzindari izan da hizkuntzen trataeran: herriko lehen ikastetxea izan zen ingelesa 4 urterekin hasi zuena; Euskal Herriko lehenengotarikoa euskalkia     lantzen; oso arduratsua ikuspegi komunikatiboa lantzen ere, EHIko ikastetxe pilotua izanik.
  • Aitzindari pedagogian ere: egun, konfiantzaren pedagogia, Gadner-en adimen anitzen teoria, ikaskidetza eta lan kooperatiboa dira bere oinarriak.
  • Aitzindari enpresaren antolaketa kulturan ere. Ikastetxeetan gai honi ez zaio behar besteko garrantzitsurik eman baina Aranzadi ikastola Mondragon Unibertsitatearekin batera, gai hau jorratzen ari da: diagnosia egin eta hobekuntza plana egin berri ditugu.

Aranzadi Ikastola punta-puntako ikastetxea izan dadin nahi dugu. Bertatik aterako diren ikasleen ahalmen pertsonal, akademiko zein profesionalak maila bikainekoak izatea dugu helburu. Hauek euskaldun jatorrak izan eta gizarte on baten eraikuntzarako konpromiso zuzena dutelako ezagunak izatea nahi dugu.