Skip to main content

Mugikor zaharren bilketa kanpaina: ikasleak etorkizun jasangarriago baten alde

DBH 3. mailako ikasleek Komunitate Proiektua ikasgaian mugikorren bizi-zikloa aztertu dute: ekoizpena, banaketa, kontsumoa eta hondakin bihurtzen diren arteko ibilbidea.

Mugikorrak.png

Gaur egungo kontsumo-ereduek gailu elektronikoen zaharkitze bizkorra eragiten dute, eta horrek ondorio larriak ditu bai ingurumenarentzat, bai gizartearentzat.

Ikasleek ikertu dute mugikor berriak egiteko beharrezkoak diren mineralen (wolframioa, tantalioa, eztainua, urrea…) jatorria eta horien ustiapenak sortzen dituen egoera latza. Mineral horiek, askotan, baldintza gogorretan ateratzen dira, batez ere Kongoko Errepublika Demokratikoko eta Kolonbiako meategietan. Egoera horrek haur-esplotazioa, emakumeen aurkako indarkeria eta lan-baldintza bidegabeak dakartza berekin.

Horren aurrean, Aranzadi Ikastolak mugikor zaharren bilketa-kanpaina abiarazi du, kontsumo arduratsua eta kontzientzia soziala sustatzeko asmoz. Helburua da erabilerarik gabeko mugikorrak jasotzea, birziklatu eta barnean dituzten mineral baliotsuak berrerabili ahal izateko. Horrela, baliabide naturalen ustiapena murrizteaz gain, gatazka sozialak elikatzen dituzten faktoreen aurka ere ekarpen positiboa egin nahi da.

Kanpainaren xehetasunak:

  • Bilketa-epea: 2025eko ekainaren 5etik 19ra.
  • Entrega lekua: Ikastolako sarrera nagusian egongo den kutxa berezia.
  • Zer ekarri: Etxean dituzuen eta erabiltzen ez diren mugikorrak (barruko txartelik gabe, mesedez).

Guraso, ikasle eta komunitateko kideen parte-hartzea funtsezkoa da: ekintza txiki baten bidez, aldaketa handi baten bidea eraikitzen lagun dezakegu.

Eskerrik asko zuen konpromisoagatik!

Orokorra

Datorren igandean ospatuko da Araba Euskaraz 2025, eta aurten Gasteizko hiru gune nagusitan banatuko da jaia: Mendizorrotza, Prado parkea eta Armentia Ikastola.

Orokorra

Aranzadi Ikastolak ingurumenaren aldeko konpromiso argia du. Horregatik, Bergarako Energia Berriztagarrien Komunitatearekin (Berener) bat egitera animatzen zaitugu.

Orokorra

Ikastolen Elkarteko kideekin batera Gasteizen egindako agerraldian adierazi dugu Hezkuntza Sailak matrikulazio-prozesua arautzeko ezarritako dekretuak ez duela segregazioa murrizteko balio izan. Gainera, jakinarazi dugu…

LH

LH 2. mailako ikasleek Makusik antolatutako Eskola Erronka ekimenean parte hartu dute. Sormena, lana eta ilusioa uztartu dituzte eta, taldeka, elkarlana eta irudimena erabiliz, bideo original eta dibertigarria sortu dute.