Skip to main content

Martxan dira Errigora eta Zuberoako Ikastolen aldeko saskien kanpainak

Euskarak bizi eta arnasa har dezan, komunitateak elkarrekin egitea ezinbestekoa da. Udazken honetan, beste behin, bi ekimen eder jarri dira martxan: Nafarroa euskalduntzeko Errigora kanpaina eta Zuberoako Ikastolen aldeko Ikaskoli saski-salmenta.

Errigora_ikaskoli

Kanpaina biak helburu berarekin sortu dira: euskararen transmisioa, herrigintza eta tokiko ekoizpena indartzea. Biak ala biak gure hizkuntza eta komunitatea indartzeko tresna paregabeak dira; Euskal Herriaren aldeko urrats txiki baina garrantzitsua egiteko aukera eskaintzen digute:

  • Euskara babesten duzu: euskara egunero elikatu behar dugu. Saski hauek erosiz, Zuberoan eta Agerrean euskararen aldeko eragileen lana babesten duzu, zutabe sendoak euskainiz hizkuntzari.
  • Tokiko ekoizle txikiei sostengua ematen diezu: saski hauetako produktuak bertako ekoizle txikiek egindakoak dira: artzainak, baratzezainak, kontserbagileak… Saskia erostean balio kate oso bat sendotzen duzu: tokiko lana, artisautza eta lurrari lotutako bizimodua. Gainera, kalitate handiko produktuak dira.
  • Euskalgintza eta herrigintza sareak indartzen dituzu: bi kanpaina hauek ez dira merkataritza-ekimen hutsak: auzolanean antolatutako herri mugimenduak dira. Saski bat erosi eta jaso arte, hainbat pertsona, familia eta kolektibo ari dira lanean atzean. Parte hartzeak esan nahi du euskararen aldeko sare komunitarioetan ere zuk ere zuntz bat jartzea.
  • Kontsumo kontziente eta arduratsu baten aldeko hautua egiten duzu: Errigoraren eta Zuberoako saskiek elikadura-burujabetzaren eta tokiko ekonomien aldeko ikuspegia sustatzen dute.

 

IKASKOLI (ZUBEROA)

Badira hogeita bi urte Zuberoako ikastoletako gurasoek eta Euskal Herri osoko laguntzaile askok, negua ate joka dagoenean, tokiko ekoizleen produktuz osatutako saskiak saltzen dituztela. Helburua argia da: Zuberoako Ikastolen egonkortasuna eta euskararen transmisioa bermatzea eta, aldi berean, eskualdeko bertako ekoizle txikiei hauspoa ematea.

Eskaera egiteko epea: azaroak 23.

Webgunea: ikaskoli.eus

Banaketa: Aranzadi Ikastolan abenduaren 12tik aurrera (Zuberoako ikastoletako gurasoen auzolanez).

Zuberoan euskara hizkuntza gutxitua eta ez ofiziala den testuinguruan, Ikastolek egiten duten lana funtsezkoa da. Hori dela-eta, elkartasun-zubiak gurera ere heltzen dira. 

Ikaskoli

 

ERRIGORA

Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari arnasa emateko kanpaina da. Saskien balioaren %25 zuzenean bideratzen da AEK-ra, Agerraldia dinamikara, Nafarroako ikastoletara eta D ereduaren aldeko Sortzen mugimendura. Uneotan Errigora ezinbesteko bitarteko bilakatu da aipatutako zonaldean euskara hauspotzeko.

Eskaera egiteko epea: azaroak 13.

Webgunea: errigora.eus

Banaketa: Aranzadi Ikastolan azaroaren 27an (Aranzadiko gurasoek auzolanean).

Errigorak elikadura-burujabetza eta euskararen aldeko kontzientzia komunitarioa uztartzen ditu.

Errigora
HH

Aste honetan, azaroaren 26an, ospatu ditugu Haur Ikastolako Ate Irekiak Aranzadi Ikastolan. 2024 eta 2025ean jaiotako haur eta familien arteko topaketa berezia izan da.

Orokorra

Euskal Herri osoko euskaltzaleen eskaerei esker, iaz baino 18.000 euro gehiago bideratuko da Nafarroako erdi eta hegoaldeko euskalgintza indartzera. Guztira 16.400 saski banatuko dira.

Orokorra

Langile guztien lan-baldintzen homologazioa eta soldaten parekatzea daude jokoan, eta ikasleen ongizatea lehen lerroan: ratioak txikitzea, baliabide gehigarriak...

Orokorra

Euskalgintzako hamarnaka eragilek eta euskaltzalek agerraldia egin dugu Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, eta adierazpen bat aurkeztu dugu. Euskaltzaleei dei egin diegu abenduaren 27an Bilbon batzera: «Euskaltzaleon…