Skip to main content

Zubiak Eraikiz hitzarmena berritu dute mugaldeko hainbat ikastolak

Muga administratiboak gaindituz, lankidetzan ari dira Bidasoa ibaiaren ertzetako ikastolak, euskara eta Euskal Herria ardatz.

Zubiak eraikiz 2025

 

Muga administratiboek banatzen dituzte, eta Bidasoa ibaiak elkartu. Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoako mugaldeko bederatzi ikastolak Zubiak Eraikiz hitzarmena berritu dute Hendaian (Lapurdi). 2016an abiatu zen egitasmoa, eta ikastolen, irakasleen eta ikasle eta familien arteko harremanak sortu eta indartzea du helburu. 

Urruña, Biriatu, Hendaia, Ziburu (Lapurdi) eta Oreretako (Gipuzkoa) ikastolek sinatu zuten lehen hitzarmena duela bederatzi urte. Aurten, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa batu da, eta baita Berako Labiaga, Lesakako Tantirumairu eta Elizondoko Baztan ikastolak ere. Mugaz gaindiko Euroeskualdea erakundearen diru-laguntza izan du proiektuak azken bi ikasturteetan. 

Eguneroko jardunaren bidez administrazio-eremurik gabeko Euskal Herria eraikitzeko proiektu bat da: "Elkarrengandik hain kilometro gutxira egonik, batzuen zein besteen errealitatea ezagutzea du xede; nazio ikuspegia lantzea, euskara izanik denentzako hizkuntza komuna; eta beharrik handiena duten Euskal Herriko ikastolei sustengua eskaintzea". 

Sophie Layous Seaskako lehendakariordearen hitzetan, euskaraz eta euskal kulturatik eraikitzen dituzte ikasleek harremanak Zubiak Eraikiz proiektuari esker: "Ikasleak euskaraz aritzeko gune erosoak sortzen ditu; izan ere, ikastoletako arnasgunea beste eremu batzuetarat eramaten du egitasmo honek, harremanen, kulturaren, ludikotasunaren eremurat". Bide horretan, Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak azpimarratu du Euskal Herriko zenbait lurraldetako ikasleak «elkarrekintzan» jartzen dituela egitasmo honek: "Gure ikasleentzat Euskal Herri euskaldun eta justuagoa desio dugu". 

Ikastolen sarearen garrantzia aipatu du Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen lehendakariak: "Hezkuntza-proiektua garatzeko dugun autonomia da gure indarguneetako bat. Ez dauzkagu administrazioak izan ditzakeen kate horiek, eta horrek bidea zabaltzen digu bestela egin ezin diren urratsak egiteko. Saretuta gaude, eta horrek eredu oso bat eraikitzeko aukera ematen digu".

Ibaia baino zerbait gehiago da Bidasoa egitasmoa sustatzen ari diren ikastolentzat; lasaitasuna, sosegua, mugimendua, bizia, lotura da. Ur emari txikitik ibai ederrak sortuz, goxo eta etenik gabe bi bazter batuz, bizia sortuz, uzta ekarriz, bere bidea aldarrikatuz eta eginez, iturburu eta ibai denek itsasoan bat eginez. Hala, paperezko txalupak eskuetan zituzten haurrez inguraturik, banan-banan, egitasmoaren partaide guztiek, zahar zein berriek, hitzarmena izenpetu dute, Bidasoa lekuko.

 

Info + ikastola.eus

Orokorra

Udazken honetan ere, euskararen alde egiteko bi aukera eder ditugu eskura: Errigoraren eta Zuberoako ikastolen aldeko Ikaskoliren saski solidarioak. Bi ekimenek euskararen transmisioa, tokiko ekoizpena eta herrigintza…

Orokorra

Iazko estreinaldi arrakastatsuaren ostean, Bergarako Orientazio Probak bigarren urtez bete ditu herriko kaleak ilusioz eta kirol giroz. Guztira, 396 lagunek hartu dute parte aurtengo edizioan, 96 taldetan banatuta.…

Orokorra

Aurkezpen-ekitaldia azaroren 27an izango bada ere, lekukoa Aranzadi Ikastolan dugu dagoeneko. Gipuzkoako ikastolen izenean eta Euskal Herriko ikastola guztiekin elkarlanean, 50. urteurren gogoangarria antolatzera goaz.

Orokorra

Aranzadi Ikastolako irakasle izandakoa ekarri dugu gogora Itxumendin, haren omenezko totemaren inaugurazioan. Familia, lagun eta gertukoak elkartu gara, Manuren oroimena bizirik eusteko eta hark astronomiarekiko zuen…