Ikas-bidaia antolatzea ikasketa-prozesu handia izaten da ikasleentzat. Nola lortu bidaia ordaintzeko dirua? Nola banatu zereginak? Ikastolak ulertzen du esfortzua, parte-hartzea, taldekidetasuna eta ekintzailetza lantzeko proiektua dela, eta bidean landu nahi diren balioek bidaiak berak baino garrantzia gehiago dutela.
Azken urteetan ikastetxe bat baino gehiagok hartu du ikasketa-bidaia eskola-errealitatetik kanpo uzteko erabakia; irakasleak bidaira joateko prest ez daudelako, lan-zama handia sortzen duelako eta gatazkak kudeatu behar direlako, besteak beste. Aranzadi Ikastolako profesionalen ikuspegia, aldiz, oso bestelakoa da: ikas-bidaia geletan eta talde osoarekin lantzea sekulako ikasketa da, eta bidaia bera esperientzia ahaztezina talde-kohesioari eta inklusioari begira. Hortaz, egindako bideari eustea erabaki irmoa da.
DBHko 1. mailako ikasleen kasuan, lehen urtea dute dinamika honetan, eta erabat motibatuta hasi dute ekimena. Kontrakorik erabakitzen ez badute, elurretara bidaia egingo dute datorren urteko otsaila-martxoa aldean, eta laupabost egunez eskiatzeak sortzen duen gastuari aurre egin beharko diote.
Astero-astero bildu, zenbatu eta banketxean gordetzen dute buruko 3 euroko ekarpena. Horrez gain, bestelako ekimenak antolatzen dihardute, kalabazaren apustua kasu. Kalabaza bat lortu, beraien artean txandak antolatu, dirua gorde, apustuaren emaitza ebatzi… 57 lagunen artean hori guztia antolatu eta erabakitzea ez da lan erraza! 150 apustu inguru jaso dituzte, eta Joseba Olaetxea irakaslea izan da irabazlea: bere apustua 8,615 kg. izan da, eta kalabazaren pisua 8,630 kg. Hortaz, zorionak, Joseba! Kalabaza-krema ederrak jango ditu datozen asteetan!
Aranzadi Ikastola