Askorentzat ezezaguna den hiriko karriketan ibiltzeko aukeraz gain, euskal kulturarentzat garrantzitsuak diren elementu bat baino gehiagotara gerturatu ginen. Alde batetik, arkitektura gotikoaren adibide esanguratsua den Baionako Katedrala bisitatu genuen. Bertan, artearen historiarekin lotutako hainbat argibide jaso genituen, baitan Frantziako Iraultza bezalako gertakari garrantzitsu batek gurean eraikitako monumentu erlijioso batean izandako eragina ere.
Bestetik, Baionako Euskal Museoan egon ginen. Asko dira eraikinak gordetzen dituen altxorrak. Garai bateko janzkerak, hainbat altzari, frankismo garaian Iparraldean ospatutako jaialdi eta bestelako aldarrikapenen afixak edota joan den mende hasierako maskaraden irudiak.
Hala ere, euskaraz idatzitako lehen liburua ikustea izan zen bereziena. Bernart Etxeparek idatzitako Linguae Vasconum Primitiae, hain zuzen ere. Normalean Parisen aurkitzen da gure hizkuntzan argitaratutako lehen liburu honen jatorrizko ale bakarra. Poema bilduma honek gure literaturan daukan garrantziaz hitz egiteko aukera eman zigun honek. Baita euskarak historian zehar izandako hedapena eta bilakaera politiko zein sozialaz aritzeko aitzakia modura.
Bazkal ostean, gaur egun Baionako daukan beste balio kultural batek hartu zuen protagonismoa. Urterik urte bertan ospatzen den street-art jaialdiko hainbat artelan identifikatu behar zituzten ikasleek. Azkarrenek bertako txokolatea jaso zuten opari!
Euskal Herriko txoko eder bat ezagututa itzuli ginen etxera!
Hemen dituzue ikusgai eguneko argazki batzuk: