Auzolanaren kultura indartzea, Ikastolen sarea bistaratzea eta Euskal Herriaren ertzetan euskarak bizi duen egoera lantzea izan dira DBH 1eko ikasleekin ikasturte bukaeran egin dugun irteeraren helburuak. Posible da hori guztia ikasleekin modu ludiko eta dibertigarrian lantzea, eta horixe da egin duguna; Ikastolaren baloreak eta lan egiteko modua egunerokoan bizi dezaten, herria eta herri-proiektuak ezagutzea.
Bergaratik irten eta Euskal Herriaren hegoalderantz joz, Arroizen egin dugu lehen geldialdia. Bertan kokatzen da Iturri kontserba-fabrika, Errigora egitasmoaren baitan kokatzen den proiektu ederra. Besoak zabalik hartu gaituzte Errigorako Ibaik eta Iturriko Josu eta Angel aita-semeek. Zainzuriaren denboraldi amaiera bertatik bertara ikusteko aukera izan dugu, eta beraien lan egiteko modua zertan den azaldu digute. Horrez gain, Errigora egitasmoa euskararen normalizazioan eta sustapenean egiten ari den bideaz hitz egin digute. Eta, nola ez, bertan ekoizten dituzten produktuak dastatzeko aukera ere izan dugu. Mila-mila esker Errigorako eta Iturriko lan-talde guztiari, itzuliko gara, ziur!
Bisita amaitu ostean, Tuterako igerilekuetan freskatu gara, Erriberan eguzkiak gogor jotzen du-eta! Atseden hartu ostean, oinez abiatu gara Tuteratik Fontellasera, bertan aurkitzen baita Erriberako familia euskaltzaleek duela hainbat hamarkada sortutako Argia Ikastola. Hain justu, zonalde horretan euskaraz ikasteko aukera bakarra eskaintzen du Ikastolak. Proiektuaren egungo egoera eta erronkez mintzatu gara bertako irakasle den Garirekin, eta Ikastola izan dugu aterpe, bertako gimnasioan pasa baitugu gaua. Eskerrik asko Argiako guraso eta profesional guztiei, zuen bigarren etxea gure egiteagatik, horrelakoetan ere bistaratzen da Ikastolen sarearen indarra!
Hurrengo goizean goiz esnatu, Ikastolako jantokian bapo gosaldu eta Arguedasera joan gara, Nafarroako Bardeak ezagutzeko asmoz. Euskal Herrian ditugun klima, bioma, ekosistema eta bestelako kontzeptuak landu ditugu bertan, gure herriaren bioaniztasuna goraipatuz. Paraje ederra ezagutu dugu, bai horixe.
Eta basamortuan barrena ibilaldi labur bat egin ondoren, ogitarteko goxoak bazkaldu eta buelta egin dugu Bergarara, nekatuta baina pozik, anekdota eta bizipen pila bat motxilan gordeta eta Euskal Herriaren erdi eta ertzak elkar lotuta. Bergaratik Erriberara, Euskal Herria euskalduna!
Ikusi irteerako argazki-bilduma
Aranzadi Ikastola