Azterketek sortutako buruhausteak
2020-04-01 / Batxilergoko 1. mailako ikasleak Matematikako azterketa egiten
Larrialdi egoera ezarri ondorengo ostiral hartan, liburu, koaderno, arbel eta tramankulu guztiekin etxera abiatu ginen, une hartatik aurrera gure lana nola gauzatuko genuen oso argi eduki gabe. Ikastolan izan genuen azken elkarrizketetako batean, ebaluazioaren kontua geroago zehaztea erabaki genuen, dena bere onera ziztu bizian itzuliko zelakoan edo. Hala ere, azkar ohartu ginen pantaila batek luze banatuko gintuela ikasleak eta gu. Hortaz, ebaluatzeko modua gure kezketako bat bilakatu zen.
Egoera berriaren aurrean, zalantza ugari izan dugu. Alde batetik, nolako azterketak sortu, nola moldatu edukiak teknologia berriek eskaintzen dizkiguten baliabideetara edota zein azterketa mota erabili. Bestetik, zaila izan da erabakitzea nola zaindu ikasleak ebaluatzeko ariketa egiten dauden tartea. Bi aldeko txanponarekin egin dugu topo: klaseak ematea eta azterketak egitea ahalbideratzen diguten tresna berek zailtzen dute "kontrola".
Azkenean, bide desberdinak jorratu ditugu: test erako azterketak, froga emailez bidaltzea edo ikasgela (classroom), ikasleak kameraren aurrian ikusiaz momentu oro –ez bakarrik egiten dutena ikusteko, baita edozein zalantza erantzuteko ere–. Finean, gure helburua da ikasleek edukiak bereganatu dituztela bermatzea eta, Batxilergoko 2. mailakoen kasuan, selektibitaterako ongi prestatzea. Momentuz, hauek dira arakatu ditugun bideak, eta espero dugu gero eta eraginkorragoak izatea gauzak bere onera itzuli bitartean.
DBH eta Batxilergoko irakasleak