Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa
Orokorra | DBH 1

Baxoa euskaraz, orain!

Euskararen eta ikasleen eskubideen aldeko une erabakigarrian, “Baxoa Euskaraz” eskubidea bermatzeko mobilizazioa deitu dute Seaskak eta Ikastolek, atzerapauso larriak izan direla salatuz. Hala, urtarrilaren 24an Baionan manifestatzera deitzen dugu Aranzadiko komunitate osoa, euskararen etorkizuna eta hezkuntza-ibilbidea defendatzeko.

Irudia
BaxoaEuskaraz_Kartela

Euskararen eta gure ikasleen eskubideen defentsan une erabakigarrian gaude. Horregatik, Aranzadi Ikastolatik dei egin nahi diogu gure komunitate osoari larunbat honetan, urtarrilaren 24an, Baionan egingo den “Baxoa Euskaraz” manifestazioan parte har dezan. 

Duela gutxi Parisen Hezkuntza ministroarekin egindako bilerak argi utzi du egoeraren larritasuna: baxoa euskaraz egiteko eskari historikoan ez da aurrerapausorik eman, eta, are kezkagarriagoa dena, orain arte euskaraz egin izan diren azterketa batzuk ere arriskuan daude. Matematika bezalako ikasgaiak frantsesez eginarazteko asmoa atzerapauso onartezina da. 

Ez da azterketa kontu hutsa

Baxoaren auzia ez da azterketa soil bat. Gure ikasleen eskubideak, euskarazko ibilbide osoaren jarraipena eta, azken finean, euskararen etorkizuna daude jokoan. Testuingurua, gainera, bereziki kezkagarria da:

  • Euskal erakundeen aurrekontu-murrizketak
  • Epaitegietan euskaraz aritzeko debekuak
  • Euskal hedabideen finantzaketaren arriskua
  • Eta guzti honen oinarrian, euskara oraindik ofiziala ez izatea 

Egoera honen aurrean, isilik gelditzea ez da aukera bat. Kalean egotea, elkarrekin mobilizatzea eta ahotsa altxatzea da aurrera egiteko bidea. 

Manifestazioaren xehetasunak 

  • Eguna: urtarrilak 24, larunbata.
  • Ordua: 15:00.
  • Lekua: Baiona, Xaho Kaia. 

Aranzadi Ikastolako komunitateko kide guztiak —familiak, irakasleak, langileak, ikasleak eta ikastolazaleak— bertaratzera animatzen zaituztegu. Ahal bada, antola dezagun ordezkaritza zabala: autoak partekatuz, elkarrekin joanez eta mezua ahalik eta gehien zabalduz. 

Helburua argia da 

Baxoa euskaraz, orain. Ez atzerapen gehiago, ez promesa hutsik. 

Larunbatean Baionan ikusiko dugu elkar. Euskararen alde, denok batera. 

Orokorra

Seaskako ordezkariek jakinarazi dute ostegun honetan bilduko direla Bordelen errektoretzako arduradunekin, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldeko aldarria helarazteko.

DBH

DBHko 1. mailako ikasleok gure herriko eta inguruetako paisaiak ezagutzeko ibilaldia egin dugu. Eguraldia lagun, errepikatzeko moduko goiza pasa dugu.

Orokorra

Beste urte batez, Nafarroa hegoaldeko kalitatezko elikagaiak zuzenean ekoizleen eskutik eskuratzeko aukera zabaldu du Errigora egitasmoak. Eskaerak egiteko epea otsailaren 26tik martxoaren 18ra arte egongo da zabalik.

Orokorra

Esperientziak, kezkak, egiteko moduak eta beste partekatzeko foroa izango da, saio praktikoa eta gurasoen beharretatik abiatutakoa, haurren heziketari talde-begirada eta -babesa eskaintzeko asmoz.