Euskal Herriko Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoen baitan, hezkuntza-arloko 600 ordezkari inguru elkartu gara azaroaren 18an Donostiako Kursaalen, euskararen biziberritzeak dituen erronkei elkarrekin erantzuteko. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ordezkariok euskararen etorkizunaz hausnartu eta datozen urteetarako norabideak aztertu ditugu.
Jardunaldiek mezu argia utzi dute: ez da nahikoa euskara irakastea; ez da nahikoa euskaraz irakastea; haur eta gazteek euskaraz bizitzeko, harremanak eraikitzeko eta hizkuntzaz gozatzeko aukerak ere behar dituzte. Horretarako, orain arteko murgiltze ereduaren lorpenak aitortu, egungo zailtasunak aztertu eta ereduari bultzada berri bat emateko beharra nabarmendu dugu.
Ikasgelatik harago, euskara bizitzeko aukerak sortu
Gizartea aldatzen ari da, eta harekin batera, baita gure haur eta gazteen hizkuntza-ohiturak ere. Digitalizazioak, globalizazioak eta errealitate soziolinguistiko eta demolinguistiko berriek erronka berriak ekarri dituzte euskararen erabileraren esparrura.
Testuinguru horretan, jardunaldietan parte hartu duten adituek hezkuntzaren garrantzia azpimarratu dute, baina baita haren mugak ere. Iñaki Iurrebaso, Kike Amonarriz eta beste hainbat hizlariren ekarpenek agerian utzi dute euskararen biziberritzea ezin dela ikastolaren ardura hutsa izan. Familiak, aisialdiko taldeak, kirol-elkarteak, kultur eragileak eta herriko erakundeak ezinbesteko bidelagunak dira.
Aranzadin ere, eraldaketarako bidean
Urtero bezala, aurten ere Aranzadi Ikastolako ordezkariok Jardunaldi Pedagogikoetan parte hartu dugu. Aurtengo jardunaldiek aukera eman digute hizkuntza gutxitu eta zapalduen egoeran eta beste nazio batzuetako murgiltze ereduen erronketan sakontzeko, baita gure eguneroko jardunarekin lotura zuzena duten hausnarketak egiteko ere.
Bagoiaz eraldaketa-prozesuan, euskarak eta euskal kulturak funtsezko lekua dute, euskara herri-kohesiorako giltza dela sinesten dugulako.
Bergaran errotutako hezkuntza-proiektua garen heinean, argi dugu euskararen ezagutzan eta erabileran eragiteko ezinbestekoa dela Ikastolaren eta herriaren arteko loturak sendotzea.
Etorkizuna, elkarlanean eraikitzeko
Ikastolen mugimenduak murgiltze eredua berrikusi eta indartzeko bideari ekin dio, euskal hiztun aktiboak hezteko helburuarekin.
Aranzadi Ikastolan ere norabide horretan lanean jarraitu nahi dugu. Izan ere, euskararen etorkizuna guztion ardura da, eta Ikastolok badugu horretan zeresan eta zeregin garrantzitsua.
Euskaraz ikasi, euskaraz bizi eta euskaraz gozatzeko aukerak zabaltzen jarraituko dugu. Ikastolatik herrira, eta herritik Ikastolara.
Aranzadi Ikastola