
Ez ditu nolanahiko helburuak izan Bergarako I. Orientazio Probak: kirolaren bidez taldekidetasuna eta euskara sustatu eta herri-kultura indartzea. Arrakastaren gakoa zein izan den pentsatzen jarrita, bat nabarmenduko genuke: ekimenaren ikuspegi herritar eta inklusiboa, hau da, adin eta ezaugarri desberdinetako herritarrek parte hartzeko aukera izatea.
Guztira 370 parte-hartzaile izan dira lehenengo edizioan, eta irteera-lerroan sumatutako urduritasunak eta emozioak lehen momentutik erakutsi du proba ederra izango zela. Lagun eta familia artean gehienak, bakarka ere batenbatzuk, proba goitik behera bete dute izena emandako guzti-guztiek. Kategoriaren arabera, ibilbidea eta zailtasuna desberdinak izan dira. Mapa jaso bezain pronto, erabakiak hartu, zein ibilbide jarraitu eta estrategia finkatuta, denbora-tarte jakin batean ahalik eta baliza gehien aurkitu behar izan dituzte.
Ezaugarri hauetako proba batean irabazlea nor izan den bigarren mailan gelditzen bada ere, saria lortu dutenak biziki pozik azaldu dira. Helduen modalitatean Galdutakoak taldea izan da garaile, Oihana Iñurrategi eta Iñaki Manuelek osatutakoa, hain zuzen ere. Aitortu dute lehen aldia izan dela orientazio-proba batean parte hartzen; korrika egitea gustuko duten arren, ez dute sekula horrelako probarik egin. Saria eskuratzea aurreikusten ez bazuten ere, esperientzia ederra izan dela aitortu dute.
Gaztetxoen modalitatean Frutitak taldea izan da bizkorrena, hau da, Enara, Irati, Naia, Malen eta Elenek lortu dute lehen postua. Estrategiaz galdetuta, adierazi dute azkarregi hasteak ez diela onik egin, baina martxa hartzerako lortu dutela energia ongi banatu eta taldean lagunkoi jardutea, elkarrekin haserretu gabe.
Eta, amaitzeko, haur eta familien kategorian, Aupa gu taldeak lortu du podiumaren goikaldera igotzea. Ibai Bengoa, Marko Bengoa, Maite Bengoa eta Arkaitz Arnaezek osatu dute taldea, eta uste dute arrakastaren gakoa korrika asko egin izana izan dela, erbiak baino bizkorrago aritu dira-eta.
HELDUEN PODIUMA
- Galdutakoak - 01:17:00
- Harri hori - 01:19:00
- Asier Goikoetxea - 01:27:00
GAZTETXOEN PODIUMA
- Frutitak - 00:47:00
- Txirutxiru - 00:54:00
- Takeshi - 00:57:00
HAUR ETA FAMILIEN PODIUMA
- Aupa gu - 00:35:00
- Loiolatarrak - 00:37:00
- Otsokumeak - 00:38:00
Podiumera igo diren bederatzi taldeez gain, parte-hartzaile ugarik jaso dituzte sariak. Izan ere, herriko komertzio txiki eta elkarteek eskainitako bono, material eta bestelakoak zozketatu ditugu guztien artean, dortsalaren zenbakia kontuan hartuz. Beste behin, eskerrik asko herria bizirik eusten laguntzen duten merkatari guztiei!

"Antolatzaile-taldeko kideak oso pozik gaude jendeak asko gozatu duelako eta herriari ekarpen polita egitea lortu dugulako. Bete-betean asmatu dugu probaren ikuspegi inklusiboarekin eta kirolaren eta euskararen aldeko aldarriarekin. Hurrengo urterako erronka berriak ezarriko ditugu!"
Amaitzeko, bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu ekimena posible izan zedin auzolanean aritu zareten guztiei; taldean gauza handiak egin genitzake! Eskerrik asko, baita ere, zertan parte hartzera zindoazten jakin gabe, konfiantza eta motibazioa erakutsi duzuen 370 parte hartzaileoi, bejondeizuela! Eta eskerrik asko, nola ez, egitasmoa posible izan zedin ekarpena egin duzuen komertzio txiki, elkarte, zerbitzu eta enpresei.

Poliki-poliki hainbat argazki eta bideo sareratuko dugu. Momentuz, hemen dituzue Goienak argitaratutako argazkiak eta antolakuntzak perta-hartzaile guztiei irteera aurretik ateratakoak.