Skip to main content

Haurraren garapena eta heziketa erdigunean, martxan da HHko guraso-eskola

Gurasoek seme-alabak hezteko bidean dituzten interes eta zalantzak elkarbanatzea, familiaren eta Ikastolaren artean hezkuntza ulertzeko modua partekatzea eta familien foroa sortzea dira ekimenaren helburu nagusiak.

Haur Ikastola - Besoak

Ikastola komunitatea osatzen dugun pertsonak hezteko espazio bat da, eta haur eta gazteek ez ezik, helduok ere heziketan jartzen dugun begirada landu beharra daukagu. Bide horretan, Aranzadik 0-6 urte bitarteko haurren garapenaren eta heziketaren inguruko guraso-eskola antolatu du Ikastolako familientzat. Hala, Ikastolak espazio berri bat eskainiko die gurasoei beraien nahi eta interesetatik abiatutako saioak gauzatzeko. 

Hezkuntza Taldeak mimo handiz landutako prestakuntza-zikloa izango da, eta Harremanak taldeko profesionalek gidatuko dute. Ikastolen sarearen bidez beraien lana ezagutzeko aukera izan ondoren, Ikastolak ziurta lezake erabat partekatzen duela beraiekin heziketaren inguruko ikuspegia. Bi saio izango ditu prestakuntza-zikloak, eta bata bestearen jarraipena izango dira. Lehenengoan parte hartzea ez da bigarrenean parte hartzeko baldintza izango, baina gomendagarria da.

Urtarrilak 21, asteazkena, 18:00

0-6 urte bitarteko haurren garapena izango da hizpide nagusia, eta saio teoriko-praktikoa izango da, denon artean zoru komun bat jartzeko. Umearen garapenaren mugarriak adinka lantzeaz gain, azpimarra jarriko zaio haurrek helduongandik behar dutenari. 

Otsailak 25, asteazkena, 18:00

Bigarren saioan gurasoen interesak, kezkak eta egonezinak partekatzeko foroa sortuko da. Gidatua izango da, eta norbere baitan gordetako gaiak modu kolektiboan lantzeko aukera egongo da, konfiantzazko giroan.

Saioetan parte hartzeko erraztasunak eskaintze aldera, hemen bi ohar:

  1. Hizkuntza: euskara ulertzen ez dutenentzat, gaztelaniara itzuliko dira saioak, gainerako bilera zein prestakuntza guztietan egiten den legez.
  2. Haurren txokoa: kontziliazioa parte hartzeko traba izan ez dadin, haurren txokoa egongo da gurasoak saioan dauden denbora-tarterako. Haur Hezkuntzako irakasle bat izango da bertan. Ongi antolatzeko, ezinbestekoa izango da 48 ordu lehenago jakinaraztea komunikazioa@bergara.ikastola.eus helbidera mezu bat bidaliz.

Bestalde, hauek izango dira saioak gidatuko dituzten bi profesionalak:  

Olatz Izagirre Sarasti  

  • Acouturier Praktika Psikomotorrean espezializatutako psikomotrizista (Psikomotrizitate praktikako eskola internazionala).  
  • Gizarte Hezkuntzan diplomatua (EHU).  
  • Sexu heziketa eta familia aholkularitzan begirale prestakuntza (Gurenduz psikologia integraleko zentrua).  
  • Psikoterapia integratiboan prestakuntza, joera psikodinamikoetan (Pedro Garioa, –1.mailan–).
  • Bi haurren ama.  

Maddi Soroa Hernandez

  • Aucouturier Heziketarako Psikomotrizitate Praktika (Luzaro Psikomotrizitate Eskola).  
  • Aucouturier Psikomotrizitate Praktika Terapeutikoa (Luzaro Psikomotrizitate Eskola).  
  • Haur Hezkuntzan Diplomatua (EHU).  
  • Kazetaritzan Lizentziatua (EHU).  
  • Hiru haurren ama.  

Haurrak hazten, helduon begirada hezten.

Zatoz guraso-eskolara!

HH Guraso eskola - Bagoiaz

 

 

 

Orokorra

50 urteko ibilbidearen ostean, lekuko berria estreinatuko du Gipuzkoako Ikastolen jaiak: mugimendua, komunitatea eta etorkizunerako leihoa barnebiltzen ditu.

Orokorra

Iazko lehen edizioaren harrera bikainaren ondoren, Bergarako Orientazio Proba bueltan da. Aranzadi Ikastolak eta Pol-Pol Mendi Elkarteak antolatuta, bigarren edizioa urriaren 24an egingo da, euskara, kirola, natura, herri-…

Orokorra

2026-2027 ikasturtetik aurrera, Inika plataforma erabiliko dugu gure arteko komunikaziorako eta eguneroko kudeaketarako. Hortaz, irailaren 1etik aurrera, orain arte Alexiaren bidez egiten ziren komunikazio eta kudeaketa…

Orokorra

Aranzadi Ikastolak, Euskal Herrian Euskarazek eta Jardun Euskara Elkarteak deituta, bergarar andana elkartu gara azken asteetan USaP probaren bueltan sortutako jarrera eta erabaki euskarafoboak salatzeko.