Skip to main content

Seaska Bordeleko errektorearekin bilduko da: euskarazko azterketen aldeko aldarria

Seaskako ordezkariek jakinarazi dute ostegun honetan bilduko direla Bordelen errektoretzako arduradunekin, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldeko aldarria helarazteko.

Azken asteotan egindako mobilizazioen ondoren, «erantzun zehatzak» lortzea dute helburu, eta argi utzi dute ez dutela atzera pausorik onartuko gai honetan. 

Baionan egindako agerraldi jendetsuan, Seaskako 39 ikastetxeetako ordezkariek hiru eskaera nagusi plazaratu dituzte: 

  • Lehen mailako ikasleek Matematikako azterketa euskaraz egiteko aukera izatea.
  • Baxoko ahozko handia euskaraz egiteko eskubidea bermatzea.
  • Baxoan euskarak izan behar duen lekuari buruzko gogoeta prozesuan parte hartzea.

Seaskaren hitzetan, «arazoa orain eta hemen konpondu behar da, ondoko belaunaldien bizkar utzi gabe». Ikasle, irakasle eta familien kezka partekatua dela azpimarratu dute, eta euskarazko hezkuntza hautatzen duten familiek koherentzia pedagogikoa bermatua izan behar dutela nabarmendu dute: ikasketa prozesua euskaraz bada, azterketek ere bide bera jarraitu behar dute. 

Gogorarazi dute 2022an brebeta euskaraz egiteko aukera lortu zutela mobilizazioari esker, eta orain urrats berri bat emateko garaia dela. Halaber, salatu dute azken urteetan egindako bileretan hitzak baikorrak izan arren, ez dela aurrerapen nabarmenik gauzatu.

Seaskak azpimarratu du, bereziki, Matematikako azterketa euskaraz egiteko aukera lehen bazegoela, eta berriz ezarri behar dela. «Ez dugu onartuko gibel egiterik: ekain honetan bertan bermatu behar da eskubide hori», adierazi dute.

Bestalde, baxoko ahozko handia euskaraz egiteko aukera ere aurretik hitzartua dagoela gogorarazi dute, baina gaur egun ez dela betetzen. Horren aurrean, aurten berriz ere aukera hori bermatzeko eskatu dute.

Amaitzeko, Seaskak adierazi du elkarrizketarako prest dagoela, urratsez urrats aurrera egiteko, baina betiere ikasleen hizkuntza eskubideak eta hezkuntza koherentzia errespetatuta. Era berean, azterketen inguruko ziurgabetasuna lehenbailehen argitzea eskatu dute, ikasle eta familiei segurtasuna emateko.

Aranzadi Ikastolatik ere bat egiten dugu aldarri honekin. Gure komunitatetik elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu Seaskako kideei, eta uste dugu guztion artean indarra egin behar dugula euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea bermatua izan dadin. Euskarazko hezkuntza osoa eta koherentea lortzeko bidean, denon konpromisoa ezinbestekoa da.

Orokorra

250 lagun inguru elkartu gara Ikastolan urriaren 12arekin batera, egutegi propio baten aldeko aldarria berresteko. Euskal Herria eta euskara lehen lerrora ekartzeaz gain, kolonialismoa eta arrazakeria salatu nahi izan ditugu…

Orokorra

50 urteko ibilbidearen ostean, lekuko berria estreinatuko du Gipuzkoako Ikastolen jaiak: mugimendua, komunitatea eta etorkizunerako leihoa barnebiltzen ditu.

Orokorra

Iazko lehen edizioaren harrera bikainaren ondoren, Bergarako Orientazio Proba bueltan da. Aranzadi Ikastolak eta Pol-Pol Mendi Elkarteak antolatuta, bigarren edizioa urriaren 24an egingo da, euskara, kirola, natura, herri-…

Orokorra

2026-2027 ikasturtetik aurrera, Inika plataforma erabiliko dugu gure arteko komunikaziorako eta eguneroko kudeaketarako. Hortaz, irailaren 1etik aurrera, orain arte Alexiaren bidez egiten ziren komunikazio eta kudeaketa…