Skip to main content

Euskaltzaleok kalera, euskararen aurkako oldarraldiari aurre egitera

Aranzadi Ikastolak, Euskal Herrian Euskarazek eta Jardun Euskara Elkarteak deituta, bergarar andana elkartu gara azken asteetan USaP probaren bueltan sortutako jarrera eta erabaki euskarafoboak salatzeko.

Irudia
Oldarraldiaren_kontrako_elkarretaratzea_01

Aranzadi Ikastolak, Bergarako Euskal Herrian Euskarazek eta Jardun Euskara Elkarteak elkarretaratzea egin dugu euskararen normalizazioaren alde eta hezkuntza-sisteman euskarak izan behar duen lekua aldarrikatzeko.

Azken asteetan unibertsitatera sartzeko probetako Euskara azterketaren inguruan sortutako eztabaidak kezka handia eragin du euskararen aldeko eragileen artean. Elkarretaratzean salatu dugu egoera hori baliatu dela euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia areagotzeko, eta, oraingoan, hezkuntza-sistema bera jarri dela jomugan.

Bertaratutakook nabarmendu dugu hezkuntza-sistemak funtsezko eginkizuna duela euskararen normalizazioan, eta kezkagarritzat jo dugu gai honen inguruan sortutako oldarraldi politiko, mediatiko eta judiziala. Gertatutakoak euskararen ofizialtasuna eta herritarren arteko berdintasuna kolokan jartzen ditu, eta gizarteari mezu arriskutsua helarazten dio: euskarak ez duela gaztelaniak adinako baliorik.

Era berean, babes osoa adierazi diegu egunero euskararen irakaskuntzan eta transmisioan lanean diharduten irakasleei. Aranzadi Ikastolatik azpimarratu nahi dugu irakasleon lana ezinbestekoa dela ikasleak euskaldun oso bilakatzeko, eta ikastetxeen, familien eta herriaren arteko elkarlana giltzarria dela euskararen biziberritzean aurrera egiteko.

Elkarretaratzean argi adierazi dugu arazoaren muina hizkuntza-ereduen sisteman dagoela. Aspaldidanik frogatuta dago A eta B ereduek ez dutela ikasle guztien euskalduntzea bermatzen, eta, ondorioz, milaka ikaslek euskaraz jabetzeko duten eskubidea urratzen dela. Horregatik, hizkuntza-ereduen sistema bertan behera uztea eta euskarazko ikasteredu orokortua ezartzea eskatu dugu, euskara gutxien duenari gehiago ematea ipar hartuta.

Aranzadi Ikastolatik, Bergarako Euskal Herrian Euskarazetik eta Jardun Euskara Elkartetik dei egin diegu herriko eragileei, familiei, ikasleei eta herritarrei euskaraz bizitzeko baldintza errealen alde lanean jarraitzeko. Ikastetxeetan, kalean, lagunartean, sarean eta bizitzako eremu guztietan euskaltzale gisa jabetzeak, ahalduntzeak eta antolatzeak garrantzia duelako.

Oldarraldiaren aurrean, justizia euskararentzat, eta euskara guztiontzat!

DBH

DBHko 1. mailako ikasleek Euskal Herriaren hegoaldea bisitatzeko parada izan dute ikasturte bukaerako egonaldian. Irteera soil bat izatetik urruti, Errigora egitasmoa, Tuterako Argia Ikastola eta Bardeak ezagutu dituzte.

DBH

Boletoen jabeek uztailaren 10a baino lehen jaso beharko dute saria 943 76 90 71 telefono-zenbakira dei eginda. Lehen saria Bedelkarreko bono bat izango da, eta bigarrena bertako produktuz osatutako saskia.

Orokorra

Kilometroak jaiak 50. edizioa ospatuko du aurten Lazkaon, 1977ko lehen jaiaren lekukoa berriro hartuz. Gure ikastolak hiru aldiz antolatu du jai hau Bergaran, eta datorren urtean berriro hartuko dugu erronka hori ilusioz.…

Orokorra

Azken hilabeteotan Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde egindako mobilizazioek fruituak eman dituzte. Frantziako Hezkuntza Ministerioak baieztatu duenez, 2028tik aurrera ikasleek Baxoko zenbait proba euskaraz egiteko…