Konexioa Nazioarteko Espazio Estazioarekin
Ion Andueza argazkilariak irudi bidez jaso du goiz historiko honetan bizi izan duguna.
KB Photoestudioko Ion Andueza eta Jone Albenizek opari zoragarria egin digute: argazki-dokumental batean jaso dituzte ekitaldiko une guztiak.
Goienako lagunak Nazioarteko Espazio Estazioarekin egin dugun konexioaren testigu izan dira, eta erreportaje eder hau egin dute.
Espedizio guztiek izaten dituzte gidariak. Gureak batxilergoko Maider Jorge eta Oier Elortza ikasleak izan dira; beraiek egin dute konexioa Aranzadi Ikastolaren eta ISSko astronautaren artean.
Ehunka lagun bildu gara Ikastolako patioan pailazoak espaziora bidaltzeko. Bigarren misioak ez du huts egin, eta Aragoien berreskuratu ditugu gure pailazoak.
Porrotxek aitortu digu erantzukizun handia dela Pirritx eta Marimototsekin batera estratosferaraino joatea, baina esan digu poz-pozik daudela espazioa koloreztatzeko aukera izango dutelako.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak estratosferara bidaliko ditugu helioz betetako globo handi batean! Mundua ezagutu eta gure kolorea emango diote espazioari!
Nazioarteko Espazio Estazioaren eta astronautek erabiltzen dituzten kontrol-mahaien maketak egin ditugu DBH 1. mailako ikasleok.
Espedizio guztiek izan ohi dute bereizgarri bat; gure kasuan, logotipo bat sortu dugu, gure espedizioa ordezkatzen duen irudia.
Astronautari hamazazpi galdera egiteko denbora izan dugu ikasleok. Ikusi eta entzun ezazue Nick Hague estatubatuarrarekin izan dugun elkarrizketa!
Ekitaldi galaktikoa egin dugu Nick Hague astronautari ongi etorria emateko: zuzeneko musika, solasaldiak, galdera-erantzunak...
Estratosferaraino iritsi dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, eta hiru orduko bidaiaren ostean, Sabada eta Ejea artean hartu dute lur, Aragoien.
Unibertso bizi eta alaiaren jaia ospatu dugu Haur Hezkuntzan: astronautak, izarrak, eguzkia, ilargia, eguzki sistema eta teknikariak bildu gara Katxiporreta misioa datorrela ospatzeko.
LH 6. mailako ikasleek astronauta gisa imajinatu dituzte beraien buruak, eta erakutsi dute asmo handiak izango lituzketela.
2.000 CD berrerabiliz egindako espazio-ontzi erraldoia txintxilikatu dugu Aranzadi Ikastolako fatxadan. Aireratuko ote da noizbait? CD guztien atzeko aldean ISSko astronautei helarazteko mezuak idatzi ditugu Ikastolako ikasle guztiok.
DBH eta Batxilergoko hainbat ikasle irrati-komunikazioaren oinarriak ulertu eta antenak egin eta erabiltzen ikasten ari gara.
LH 2. mailako ikasleok Unibertsoa lantzen aritu gara azken asteotan. Gainera, eskulan ugari egin dugu Ikastola apaintzeko.
Zer da ISS?
Nazioarteko Espazio Estazioa da ISS (International Space Station), Lurraren orbitan eraikitako ikerketa zentroa, Lurretik 400 kilometro inguruko altuerara. Ingeniaritzaren lorpen esanguratsuenetako bat da, eta espazioko bost agentziek hartzen dute parte proiektuan: NASA (Amerikako Estatu Batuak), Rosaviakosmos (Errusia), CSA (Kanada), JAXA (Japonia), ESA (Europa). Sei astronautek osatu ohi dute tripulazioa.
Zer da ARISS?
Nazioarteko Espazio Estazioko Irrati Amateurra da ARISS (Amateur Radio in the International Space Station), eta mundu osoko ikasleek eta irrati-amateurrek Nazioarteko Espazio Estazioko tripulazioarekin zuzenean hitz egitea ahalbidetzen du. Zirraragarria izan ohi da zuzeneko konexioaren unea, ikasleek gure planetatik 400 kilometro ingurura dagoen astronauta batekin hitz egiteko aukera izaten baitute. Emozioz betetako ekimen honen helburua da ikasleak zientzien mundura erakarri eta ikasketa horietan sakontzea.