DBH eta BATXILERGOA
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Batxilergoaren helburua da pertsonok daukagun arrazoitzeko gaitasuna garatzea. Inguratzen gaituen munduaren aurrean, gure ikasleak pentsamendu kritikoa lantzea nahi dugu, hausnartzeko eta galdetzeko beharra sortzea. Ikaslearekin deskubritu nahi dugu bizitzan sortzen diren arazoen erantzunak ez ditugula aurkituko ez Interneten, ez telebistan.
Horrez gain, komunikaziorako gaitasuna duen ikasle-profila lantzen ari gara, edozein duela helburua, argi eta garbi adierazteko gai izango dena, idatziz zein ahoz. Era berean, ikasleak metodologia zientifikoa (ikerketa) beharko du norbere burua eta natura hobeto ulertu eta arduraz jokatzeko, eta arrazoiketa matematikoak baliabideak eskainiko dizkio bizitzako beharrei erantzun, arazoei irtenbidea(k) eman eta arrazoiketak eraikitzeko.
Ikaslea nerabezaroan sartuko da bete-betean, eta arlo curricularraren garrantzia areagotu egingo da bere ikasketa-prozesuan. Edukiak arloka landuko ditu (zientziak, humanitateak, teknologia eta hizkuntzak), baina xedea ez da izango eduki horiek ikastea, baizik eta jakintza horiek barneratu eta erabiltzen ikastea.
Horretarako, gainerako etapetan bezala, erronkak (proiektuak) lantzen ditugu: diziplina bakarrekoak zein askotariko diziplinak batzen dituztenak. Proiektu horietan, ikasleak ikasten du taldean lan egiten eta kooperatzen, eta jakintza-arlo guztiek duten elkarreraginaz jabetzen da. Beraz, ikaslea bizitza errealera gerturatzen da erronken bidez: bizi ditugun errealitateak askotarikoak direnez, erantzunak ere halakoak izan behar baitira.
Baina erronkak garatzeko ezinbestekoa da gazteak konfiantza izatea bere gaitasunetan. Horregatik, baldintzak sortzen ari gara eredu hau ikastolako ziklo guztietan garatu ahal izateko.
Norbera izaten dakiten subjektu aktiboak hezi nahi ditugu Aranzadi Ikastolan. Pertsona trebe eta ekintzaileak. Gazte kooperatiboak: elkarlanean eraikitzen dakitenak, burujabeak eta autoeratuak. Eta gazte euskaldunak, euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak. Gure helburua da balio etikoak (konpromisoa, zuzentasuna, elkartasuna, errespetua…) barneratu eta defendatuko dituzten gazteak heztea.