Pasar al contenido principal

Aranzadi Ikastolan ateak zabalik izango dituzue zuen semea edota alaba gure ikastetxean matrikulatu nahi izanez gero. Horretarako, epe ofizialak bete behar dira, data horietatik kanpo egiten bada eskaerak ez-ohiko bidea hartuko duelako.

Haur Ikastolan edozein momentutan eman daiteke izena. HH, LH eta DBHn 2026-27 ikasturterako aurrematrikula egiteko aldia otsailaren 2tik 13ra da. Aldiz, batxilergorako aurrematrikula martxoa eta apirila artean izaten da.

Irudia
BA240458.jpg

DOKUMENTAZIOA

Aurrematrikula formalki gauzatzeko, bi bide daude. Lehena, Internet bidez egitea, familiak bere kabuz. Bigarrena, guk aholkatzen duguna, Ikastolako idazkaritzan egitea, administrazioko langileen laguntzarekin. Azken aukera hautatuz gero, egokiena da aldez aurretik telefonoz deitu (943 76 90 71) eta hitzordu bat finkatzea, arreta pertsonalizatuagoa izan dadin.

Honakoa da ekarri beharreko dokumentazioa:

  • Gurasoen NAN txartelaren fotokopia.
  • Etxekoen bizikidetza-agiria.
  • Ikaslearen jaiotza agiria edota familia liburua (anai-arrebarik edukiz gero, guztiena).
  • [Dagokionak] Familia-ugaria liburua.
  • [Dagokionak] Ikasleak edo bere bizikideren batek desgaitasunen bat izanez gero, egoera hori frogatzeko agiria.
  • [Dagokionak] Harreran jasotako haurra/nerabea bada, egoera hori baieztatzen duen agiria.
  • [Dagokionak] Genero-indarkeriaren edo terrorismoaren biktima bada, baieztapen-agiria.

 

PROZEDURA

Aurrematrikula egin osteko prozedura Hezkuntza Sailaren esku dago, eta Ikastolak ez dauka administrazioak hartutako erabakien inguruko ez erabaki-ahalmenik, eta ezta erantzukizunik ere.

Plaza-kopuruaren muga edo zaurgarritasun-tasa medio plazak esleitzeko baremazioa egin behar den kasuetan, Ikastolak 1,25 puntu bana ditzake hautagaien artean. Zehazki, 0,25 puntu kooperatibako bazkide izateagatik, eta puntu bat ikastetxeak erabakitako irizpide objektibo bategatik. Bide horretan, Artezkaritza Kontseiluaren erabakiz, puntua emango zaio aurrematrikula egin aurretik semea edota alaba Ikastolan duten familiei; esaterako, HH 0-1 etapan edo beste mailaren batean –atzerrira ikastera joan eta hurrengo ikasturtean Ikastolara itzuli nahi dutenen kasuan, adibidez–.

GURE IKASTOLA-EREDUA

Aranzadi Ikastolaren hezkuntza-ereduaz, euskalduntasunaz, guraso-kooperatibaz, sarbide unibertsalaz eta beste hainbat gairi buruz gehiago jakiteko, hemen dituzu Ikastolako hainbat kideren adierazpenak. Pertsona bakoitzaren argazkian klik eginez, bideoak ikusi zenitzake.

Irudia
Iraitz Salegi

 

Iraitz Salegi, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaslea.

💬 “‘Bagoiaz’ izeneko prozesu bat abiatu dugu. 0-18 urte arteko etapa hartzen duen ikastetxe bat gara eta, logika horretan, paradigma aldaketa oso bat eraikitzen gabiltza: munduaren ikuskera eta transmisio aldaketa handi bat".

Irudia
Garazi Diaz

 

Garazi Diaz, Ikastolako gurasoa.

💬 “Goizero ikusten dugu gure haurrak pozik datozela Ikastolara, hemen maitatuak eta seguru sentitzen direlako. Oso harro eta pozik gaude Ikastolako komunitatearen parte izateaz".

Irudia
Andoni Izagirre

 

Andoni Izagirre, Ikastolako gurasoa.

💬 “Ikastolan komunitatea da garrantzitsuena, bergararrok osatzen dugun kooperatiba bat izateak erabaki ahalmena gure eskuetan jartzen duelako".

Irudia
Idoia Ramirez de Ocariz

 

Idoia Ramirez de Ocariz, Haur Hezkuntzako irakaslea.

💬 “0-6 urte bitarteko etapa zaintzan oinarritzen da: bere erronkekin, aldarriekin eta egunerokotasuneko keinu txikiekin. Haur eta familien ongizatea, segurtasuna eta maitasuna dira gure oinarriak".

Irudia
Amets Txintxurreta

 

Amets Txintxurreta, ikaslea.

💬 “Auzolana gure gizartean geroz eta gutxiago ikusten den zerbait da; garrantzitsua iruditzen zait Ikastolak horrelako ekintzak bultzatzea".

Irudia
Iñaki Manuel

 

Iñaki Manuel, Ikastolako gurasoa.

💬 “Nortasun indartsu eta herri proiektu bateratu baten aldeko apustua egiten dute Ikastolek, elkarlanaren eta aniztasunaren balioak oinarri hartuta.”

Irudia
Leire Urzelai

 

Leire Urzelai, gurasoa eta Errektore Kontseiluko kidea.

💬 “Batzen gaituena da proiektu honekiko dugun atxikimendua eta konpromisoa, eta ekarpenak modu askotara egin daitezke".

Irudia
Gorka Ugalde

 

Gorka Ugalde, guraso bidelaguna.

💬 “‘Bergarako haur eta gazteak euskaldun kontzienteak izatea nahi dugu, euskal identitatearen transmisio integrala dugu helburu. Hizkuntza gutxitua da gurea, eta ikuspegi horrekin egiten dugu lan".

 

Matrikulazioa_mosaikoa

 

 

IKASTOLEN ELKARTEA

Euskal Herriko 115 ikastolak osatzen dugu Ikastolen Elkartea. Hain justu, gure herriaren administrazio-mugez gaindi, euskara eta euskal kultura iraunarazi eta indartzeko. Hezkuntza- eta herri-proiektu bateratua dugu, eta Euskal Curriculuma ardatz, pedagogia eta ikasmaterial propioak sortu eta garatzen ditugu.

ERALDAKETA

Gure haur eta gazteei zer-nolako etorkizuna utzi nahi diegun irudikatzea bezain garrantzitsua da etorkizunerako zer-nolako pertsonak nahi ditugun pentsatzea. Horregatik, pertsona-ereduan oinarritzen da gure jarduna. Hala, Ikastolon bokazioa da gizartea eraldatu, hobetuko duten herritarrak heztea.