Haur Hezkuntza
Haurrak bizitzako lehenengo sei urteetan du bere garapen-ahalmenik handiena. Etapa horretan hasiko da lantzen adimenaren gaitasunak, nortasun-ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak eta gizarteratze eta harremanetarako oinarriak.
Haur Hezkuntzan Konfiantzaren Pedagogian oinarritutako hIZAN proiektua lantzen dugu. Umeak ezinbestekoa du konfiantza bere buruarekin eta ingurukoekin seguru sentitzeko, eta segurtasun horrek aukera emango dio bere ezagutza eta jakintza handitzeko. Modu horretan, landutako gaitasunak barneratu ez ezik, baliatu egingo ditu bizitzako egoera errealei eraginkortasunez erantzuteko.
Hori guztia bideratzeko, guk sortutako ikasmaterial propioa da gure lanabesa. Ttantto, Txirritx eta Xango pertsonaiak lagun dituela, haurra inguruari eta gauzei buruzko ideia propioak garatzen hasiko da. Baita elkarbizitzen, elkarlanean ikasten, idazketaren eta irakurketaren oinarriak lantzen eta baloreak eta jarrerak barneratzen ere.
Haurraren garapena bidaia batekin alderatuko bagenu, esplorazio bidaia izango litzateke haurrak Aranzadi Ikastolan bizitakoa. Esploratzen eta esperimentatzen egingo du bere bidea, lagunekin elkarlanean erantzunak topatzen. Horrela, bere arlo kognitiboa eta emozionala (nortasuna, hizkuntza, autonomia, motrizitatea, harremanak, sozializazioa…) landuko ditu.
Bidaia horretako bidelagunak izango gara irakasleak. Gure ardura izango da haurra entzutea, zaintzea eta behatzea, bere garapen osasuntsua bultzatzeko asmoz. Zirkulazio libreak eta adinen arteko nahasketak eskaintzen dizkigun aukerak baliatuta, guneka eta proiektuka egiten dugu lan, haurra bera izan dadin bere ikasketaren protagonista.
Hala izateko, irakasleon eta, oro har, helduon erantzukizuna da haur bakoitzaren erritmoak eta denborak errespetatzea. Hortaz, ikasketa-prozesua haur bakoitzaren beharretara egokitzeko, ezinbestekoa da gurasoek ere parte hartzea ikastolako eguneroko dinamikan. Horregatik da malgua eta mimo handiz zaindua ikastolako harrera momentua, elkar ezagutu eta elkarrekin landu dezagun gure txikien ongizatea.