Eskolaz kanpokoak
Dantza
HH 5 - Batxilergoa
Aranzadiko instalazioetan entseatzen du Moises Azpiazu dantza taldeak. Euskal tradizioa sustatzea da taldekideen helburu nagusia, eta herrikoia izan daitekeen edozein dantza irakatsi/ikasten dute. Halere, dantza soltean espezializatuak daude.
Bost eta hogei urte bitarteko gazteek osatzen dute taldea: 100 ikasle eta 6 irakaslek. Taldeetan banatuta entseatzen dute, astelehenetik ostegunera. Helburu dute dantzaren bidez ongi pasatzea eta lagun berriak egitea, eta herri mailako ekintzetan ere hartzen dute parte: herriko auzoetan, ekintza sozialetan, euskararen inguruko ekimenetan, etab.
Ingelesa
HH eta LH
Haurrak bere bizitzako lehenengo urteetan du garapen-ahalmenik handiena, baita hizkuntzak ikasteko ere. Eskolaz kanpoko ingeles-eskaintzaren helburua da ahalmen horri ahalik eta zuku gehien ateratzea, eskolan landutakoa indartuz.
Bergarako ingeles akademia bat arduratzen da ikastolan bertan saioak emateaz. Aranzadin darabilgun metodologia jarraituz, haurrak modu dinamiko eta interaktiboan ikasiko du ingelesa ulertu eta erabiltzen. Hala, era naturalean garatuko du komunikazio gaitasuna, eta konfiantza bereganatuko du ingelesez komunikatzeko.
Psikomotrizitatea
HH 4 eta HH 5
Psikomotrizitatea da haurraren bizitzako oinarrietako bat. Horregatik, umeak garapen armonikoa bizitzeko aukera izan dezan, jolasa, adierazpen librea eta bat-batekotasuna lantzen ditugu.
Haurrarentzako gune seguru bilakatzen dugu psikomotrizitate gela, bertan gara ditzan bizitzako espazio eta inguru desberdinetan balia ditzaken gaitasunak. Jolasten, mugitzen, plazera sentitzen, txiribuelta eta saltoak egiten, etxeak, zirkuak, ospitaleak eta gazteluak eraikitzen aritzen gara.
Hiru dira helburu nagusiak: alde batetik, haurra mundura zabaltzea komunikazioan eta harremanetan oinarrituz. Bestetik, umeak aukera izatea jolasaren bidez mundu sortzailea eraiki eta bizitzeko. Eta, azkenik, baliabideak eskaintzea haurrak hazte-prozesu autonomoa bizitzeko eta bere buruarengan konfiantza sortzeko.
Robotika
HH eta LH
Pentsamenduaren trebakuntza lantzen dugu robotikaren bidez. Ikasleak ikasten du Legorekin egindako muntaiak programatzen, bideo-jokoak diseinatzen eta 3D ereduak egiten. Programazioan sakondu gabe, saio hauen xedea da ikasleak arazoak ordenagailu bidez konpontzen ikastea, gaitasun horrek asko lagunduko baitio inguruko mundua hobeto ulertzen.
Haurrak jolasaren bidez esperimentatzen du robotikan, jolasak aukera ematen baitio Zientzia, Teknologia eta Matematikako kontzeptuak naturaltasunez barneratzeko. Gainera, teknologien erabilera arduratsua sustatzen dugu; gazteak teknologiaren gatibu hezi beharrean, teknologia modu egokian erabiltzen dute pertsonak hezi nahi ditugu.
Sormena
LH eta DBH
Sormen tailerrean garrantzia berezia dute gozamenak, jolasak eta ideia berrien sorkuntzak. Erronka desberdinei ahalik eta irtenbide gehien topatzen aritzen gara, prozesu horiek haur bakoitzaren erritmo, gaitasun eta beharretara egokituz.
Ilustrazioa, pintura, buztina, gorputz espresioa, collagea, musika, etab. dira erabiltzen ditugun erremintak. Material plastikoen bidez, hausnarketa prozesu desberdinak lantzen ditugu, haur bakoitzak bere behar, ezaugarri eta gaitasunak ezagutuz. Horrela, aukera sortzen dugu emozioak hobeto ezagutu eta kudeatzeko, eta gozamenari bide ematen diogu.
Ikasturte honetan ez da sormen-tailerrik izango, baina hurrengoan bai.
Xakea
LH eta DBH
Mesedegarria da xakean jardutea haurren adimenaren, nortasunaren eta ohitura-portaera onen garapenerako. Horregatik, interesgarria iruditzen zaigu ikastolan bertan ikastea. Logika eta kalkulua da xakea, eta baita sormena, fantasia eta irudimena ere. Haurrak ikasiko du bere kabuz pentsatzen, hausnartzen, gogoeta egiten, erabakiak hartzen eta arauak errespetatzen. Azken finean, gerora bizitzan erabilgarri izango zaizkion gaitasunak garatuko ditu xakearen bidez, eta baliagarri izango zaizkio bere izaera-nortasuna sendotzeko.
Ekintzaren helburu nagusia da ikasleak jokoa ezagutu eta jokatzen gozatzea. Ondo pasatuz ikasiko ditu jokoaren arauak, eta xakearen historiaz zein unibertsaltasunaz jabetuko da. Jokoa baino, jolasa sustatzen dugu, elkarrekin giro atsegina sortuz.