Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapak 12-16 urte bitarteko ikasleak hartzen ditu. Konpetentzietan oinarritutako ikaskuntza eskaintzen dugu, jakitearen paradigmatik erabiltzearen paradigmara jauzi eginez.
Errealitate hurbileko egoeretan kokatzen dugu ikaskuntza, eta ikasleen funtsezko konpetentziak garatzea dugu helburu. Euskal Curriculumean ardazten diren ikas-material propioak baliatzen ditugu.
DBHn jarraipena ematen diogu LHko azken zikloan aktibatutako ikasketa-metodologiari. Lanketa curricularrak pisu gehiago hartzen du, baina ikaskuntza-esperientziek eskema bera dute oinarrian.
Ikaslearen errealitate hurbilean kokatzen da ikaskuntza, eta ikas-egoera bakoitzak interesgune jakin bat du ardatz. Ikas-egoera bat aurkezten zaie ikasleei, eta berau ebazteko, hainbat diziplinetako konpetentziak eta funtsezko konpetentziak landu behar dituzte. Bide horretan, sormena eta eztabaida sustatzen ditugu, ikasleen jakin-mina piztuz.
DIZIPLINARTEKO PROIEKTUAK
Bizitza errealean ohikoena da arazo-egoerak hainbat trebezia edo jakintza-mota elkarrekin aplikatuz ebaztea. Horixe da, hain justu, pertsona bat konpetente izatera iristeko bidea. Horregatik, ikas-prozesua ere dizipinartekoa izan behar da, jakintzak bereganatu ez ezik, elkarrekin uztartuz aplikatzen trebatu behar garelako.
Bide horretan, Ikastolen Elkarteak Euskal Curriculumean, konpetentzietan eta Integrazioaren Pedagogian oinarrituta sortutako EKI ikasmateriala erabiltzen dugu arlo gehienetan. Aldi berean, diziplinarteko egoerak gauzatu eta ebaluatzen ditugu, bai hiruhilekoan zehar, eta baita amaierako fasean ere. Esaterako, Euskara-Gizarte, Matematika-Euskara, Natur-Gizarte...
HEDATZE
Ikasleen eskola-ordutegia zabaldu eta eskaintza osagarria egiteko programa da Hedatze. Hain justu, ikasle guztiei eskola-arrakasta erdiesteko bitartekoak eskaintzea du helburu nagusi.
Ikasleek 8:00etatik 14:00etara izaten dute ohiko eskola-jarduna, eta arratsaldeetan bestelako eskaintza dute eskura, irakasle-talde berberak kudeatua: banakako arreta pertsonalizatua jasotzeko errefortzu-eskolak, euskara-errefortzuak, ikasketa-teknikak lantzeko tailerra eta bestelako dinanimak –Ikastolako boleibol-taldea, esaterako–.
IKASKUNTZA KOOPERATIBOA
Darabilgun metodologiak berak taldean aritzeko erronka barnebiltzen du. Lankidetza ezinbesteko bidea da gizarte-eraldaketarako, eta sistemaz aplikatzen dugu.
BARNE-SENDOTASUNA
Nerabezaroa gora-behera handiz beteriko aroa izan ohi da, eta garrantzia handia ematen diogu konfiantza eta autoestimua indartzeko bideei.
HH eta LHko bidea jarraituz, barne-sendotasuna duten pertsona euskaldun, ekintzaile-erabakitzaile, kooperatibo eta eraldatzaileak heztea dugu helburu, bizi osoan zehar balio-sistema hori gara dezaten.
EBALUAZIO HEZIGARRIA
Ebaluazioa etengabeko prozesu gisa ulertzen dugu, bitarteko bat baita ikasleen ikaskuntza-prozesua hobetzeko. Baina, nola bihurtzen da ikasle bat bere ikasketa-prozesuaren jabe? Giltza majikoa ez dauka inork, baina gurean hainbat pauta betetzen dugu errealitate horretara gerturatzeko:
- Ikasleei aldez aurretik aurkezten dizkiegu helburuak eta konpetentziak.
- Konpetentzien ebaluazio jarraia aplikatzen dugu.
- Errubrika bidez abaluatzen dugu.
- Ezagutzak eta konpetentziak errubriken bidez ebaluatzen ditugu.
- Ikas-prozesuan zehar, kalitatezko feedback-a ematen diegu, ahoz zein idatziz.
- Askotariko ebaluazio-tresnak baliatzen ditugu: aurkezpenak, talde-lanak, azterketak, ariketak...
- Ikasleak autoebaluatu egiten dira, baita elkarren artean koebaluatu ere.
- Lau lorpen-maila ezartzen ditugu: apala, oinarrizkoa, egokia eta bikaina.
ORIENTAZIOA
DBHko bigarren zikloan garrantzia berezia hartzen du ikasketa-orientazioak. Etorkizunari begira hartu beharreko erabakien aurrean, talde-lanketa zein zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen ditugu, tutorearen eta orientatzailearen eskutik.
DBHko 3 eta 4. mailetan ikasleak ikasketa-ibilbide jakin batean espezializatzen hasten dira. Hautaketa hori egiteko bidea mimoz zaindu beharrekoa da, emozioen eta espektatiben arteko orekari eutsiz. Bide horretan, konfiantza eta segurtasuna transmititzen diegu, eta erabkia hartzeko baliabideak eskaini.
Programa zehatzak lantzeaz gain, hirugarren mailan hasten gara ikasleekin ikasketa-orientazioaren inguruko lanketa egiten. Horretarako, tresna baliagarriak bisitak izan ohi dira: enpresetara, zerbitzu-sektoreetara, lehen sektoreko lan-esperientzietara, ikasketa-zentroetara...
Gizarte aldakorrean eta konplexuan bizi gara, eta horrek erronka berriak dakartza hezkuntzaren alorrean. Ikasleen ongizateak, garapen pertsonalak eta gizarteratzeak gero eta arreta handiagoa eskatzen dute. Testuinguru honetan sortu da ONKI programa, Ikastolen Tutoretza Marko berrian oinarritutako lanketa, hezkuntza oso eta koherente baten parte gisa. ONKI programa barne sendotasunaren garapena bermatzeko tresna indartsua da, ikasleen ongizatea eta garapen osoa sustatzeko sortua. Konfiantzazko harremanak, seguruak eta osasuntsuak eraikiz, irakasleen, ikasleen eta familien arteko elkargune esparru bat sortzen
du, elkarrekin bizitzeko konfiantzazko gunea. Ikasleen eraldaketa erdigunean jartzen ditu, eta emozioen kudeaketa, entzute aktiboa, elkarbizitzarako arauen adostasuna eta taldeko pertenentzia sustatuko ditu besteak beste. Helburua ez da soilik jazarpena prebenitzea; ikasleen autoezagutza, soziala eta emozionala bermatzea da, bizitza bete eta orekatu baterako tresnak eskainiz. ONKI programa bizitza bete eta orekatu baterako tresnak garatzeko eta bizitzako egoera desberdinei aurre hartzeko, prebenitzeko aukera bat da.
Aranzadi Ikastola