Skip to main content

Zubiak Eraikiz hitzarmena berritu dute mugaldeko hainbat ikastolak

Muga administratiboak gaindituz, lankidetzan ari dira Bidasoa ibaiaren ertzetako ikastolak, euskara eta Euskal Herria ardatz.

Zubiak eraikiz 2025

 

Muga administratiboek banatzen dituzte, eta Bidasoa ibaiak elkartu. Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoako mugaldeko bederatzi ikastolak Zubiak Eraikiz hitzarmena berritu dute Hendaian (Lapurdi). 2016an abiatu zen egitasmoa, eta ikastolen, irakasleen eta ikasle eta familien arteko harremanak sortu eta indartzea du helburu. 

Urruña, Biriatu, Hendaia, Ziburu (Lapurdi) eta Oreretako (Gipuzkoa) ikastolek sinatu zuten lehen hitzarmena duela bederatzi urte. Aurten, Ziburuko Piarres Larzabal kolegioa batu da, eta baita Berako Labiaga, Lesakako Tantirumairu eta Elizondoko Baztan ikastolak ere. Mugaz gaindiko Euroeskualdea erakundearen diru-laguntza izan du proiektuak azken bi ikasturteetan. 

Eguneroko jardunaren bidez administrazio-eremurik gabeko Euskal Herria eraikitzeko proiektu bat da: "Elkarrengandik hain kilometro gutxira egonik, batzuen zein besteen errealitatea ezagutzea du xede; nazio ikuspegia lantzea, euskara izanik denentzako hizkuntza komuna; eta beharrik handiena duten Euskal Herriko ikastolei sustengua eskaintzea". 

Sophie Layous Seaskako lehendakariordearen hitzetan, euskaraz eta euskal kulturatik eraikitzen dituzte ikasleek harremanak Zubiak Eraikiz proiektuari esker: "Ikasleak euskaraz aritzeko gune erosoak sortzen ditu; izan ere, ikastoletako arnasgunea beste eremu batzuetarat eramaten du egitasmo honek, harremanen, kulturaren, ludikotasunaren eremurat". Bide horretan, Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak azpimarratu du Euskal Herriko zenbait lurraldetako ikasleak «elkarrekintzan» jartzen dituela egitasmo honek: "Gure ikasleentzat Euskal Herri euskaldun eta justuagoa desio dugu". 

Ikastolen sarearen garrantzia aipatu du Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen lehendakariak: "Hezkuntza-proiektua garatzeko dugun autonomia da gure indarguneetako bat. Ez dauzkagu administrazioak izan ditzakeen kate horiek, eta horrek bidea zabaltzen digu bestela egin ezin diren urratsak egiteko. Saretuta gaude, eta horrek eredu oso bat eraikitzeko aukera ematen digu".

Ibaia baino zerbait gehiago da Bidasoa egitasmoa sustatzen ari diren ikastolentzat; lasaitasuna, sosegua, mugimendua, bizia, lotura da. Ur emari txikitik ibai ederrak sortuz, goxo eta etenik gabe bi bazter batuz, bizia sortuz, uzta ekarriz, bere bidea aldarrikatuz eta eginez, iturburu eta ibai denek itsasoan bat eginez. Hala, paperezko txalupak eskuetan zituzten haurrez inguraturik, banan-banan, egitasmoaren partaide guztiek, zahar zein berriek, hitzarmena izenpetu dute, Bidasoa lekuko.

 

Info + ikastola.eus

DBH

Euskal Herrian bizi ditugun hizkuntza-errealitateak eta lurraldeak ezagutzeko asmoz, DBHko 1. mailako ikasleek harremana eraiki dute Arabar Errioxako gazteekin. Aurrez gutun bidez elkar ezagutu eta gero, besoak zabalik jaso…

LH | DBH

Aranzadi Ikastolak sentsibilizazio ekintzak antolatu ditu Odol-emaileen Nazioarteko Egunaren harira.

DBH

Boletoen jabeek uztailaren 11 baino lehen jaso beharko dute saria 943 76 90 71 telefono-zenbakira dei eginda. Lehen saria Bedelkarreko bono bat izango da, eta bigarrena bertako produktuz osatutako saskia.

BATXI

Batxilergoa eta Ikastolako ibilidea amaitu berri dute 2024-25 promozioko ikasleek. Plazera izan da zuek guztiak Aranzadiren parte izatea.