Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa
Orokorra | DBH 1

Baxoa euskaraz, orain!

Euskararen eta ikasleen eskubideen aldeko une erabakigarrian, “Baxoa Euskaraz” eskubidea bermatzeko mobilizazioa deitu dute Seaskak eta Ikastolek, atzerapauso larriak izan direla salatuz. Hala, urtarrilaren 24an Baionan manifestatzera deitzen dugu Aranzadiko komunitate osoa, euskararen etorkizuna eta hezkuntza-ibilbidea defendatzeko.

Irudia
BaxoaEuskaraz_Kartela

Euskararen eta gure ikasleen eskubideen defentsan une erabakigarrian gaude. Horregatik, Aranzadi Ikastolatik dei egin nahi diogu gure komunitate osoari larunbat honetan, urtarrilaren 24an, Baionan egingo den “Baxoa Euskaraz” manifestazioan parte har dezan. 

Duela gutxi Parisen Hezkuntza ministroarekin egindako bilerak argi utzi du egoeraren larritasuna: baxoa euskaraz egiteko eskari historikoan ez da aurrerapausorik eman, eta, are kezkagarriagoa dena, orain arte euskaraz egin izan diren azterketa batzuk ere arriskuan daude. Matematika bezalako ikasgaiak frantsesez eginarazteko asmoa atzerapauso onartezina da. 

Ez da azterketa kontu hutsa

Baxoaren auzia ez da azterketa soil bat. Gure ikasleen eskubideak, euskarazko ibilbide osoaren jarraipena eta, azken finean, euskararen etorkizuna daude jokoan. Testuingurua, gainera, bereziki kezkagarria da:

  • Euskal erakundeen aurrekontu-murrizketak
  • Epaitegietan euskaraz aritzeko debekuak
  • Euskal hedabideen finantzaketaren arriskua
  • Eta guzti honen oinarrian, euskara oraindik ofiziala ez izatea 

Egoera honen aurrean, isilik gelditzea ez da aukera bat. Kalean egotea, elkarrekin mobilizatzea eta ahotsa altxatzea da aurrera egiteko bidea. 

Manifestazioaren xehetasunak 

  • Eguna: urtarrilak 24, larunbata.
  • Ordua: 15:00.
  • Lekua: Baiona, Xaho Kaia. 

Aranzadi Ikastolako komunitateko kide guztiak —familiak, irakasleak, langileak, ikasleak eta ikastolazaleak— bertaratzera animatzen zaituztegu. Ahal bada, antola dezagun ordezkaritza zabala: autoak partekatuz, elkarrekin joanez eta mezua ahalik eta gehien zabalduz. 

Helburua argia da 

Baxoa euskaraz, orain. Ez atzerapen gehiago, ez promesa hutsik. 

Larunbatean Baionan ikusiko dugu elkar. Euskararen alde, denok batera. 

Orokorra

Bidelagun egitasmoa su geldoan, konpromisoz eta zaintza-ikuspegitik egituratutako proiektua da. Parte hartzen duten familiek gorpuzten dute eta, lehen aldiz, topaketa baten bueltan elkartu dira hainbat.

DBH

Sukaldaritza-lehaiketak bigarren edizioa izan du aurtengoa. Ekimenak talde-lana, sormena eta sukaldaritzarekiko grina sustatzen ditu helburu, eta esperientzia ederra izan dela aitortu dute gaztetxoek.

DBH

Debagoienean hamaika aukera dugu bioaniztasunaz, geologiaz eta, oro har, naturaz gozatzeko. DBHko 1. mailako ikasleek horretarako aukera izan dute Arantzazura egindako irteeran.

Orokorra

Seaskako ikasleen erabakiaren eta Nafarroako ikastolen aurkako erasoaren aurrean, babesa eta atxikimendua adierazi nahi diegu euskararen alde eta euskarazko hezkuntzaren defentsan ari diren ikasle, familia eta hezkuntza…