Askorentzat ezezaguna den hiriko karriketan ibiltzeko aukeraz gain, euskal kulturarentzat garrantzitsuak diren elementu bat baino gehiagotara gerturatu gara. Alde batetik, arkitektura gotikoaren adibide esanguratsua den Baionako Katedrala bisitatu dugu. Bertan, artearen historiarekin lotutako hainbat argibide jaso ditugu, baita Frantziako Iraultza bezalako gertakari garrantzitsu batek gurean eraikitako monumentu erlijioso batean izandako eragina ere.
Bestetik, Baionako Euskal Museoan egon gara. Asko dira eraikinak gordetzen dituen altxorrak. Garai bateko janzkerak, hainbat altzari, frankismo garaian Iparraldean ospatutako jaialdi eta bestelako aldarrikapenen afixak edota joan den mende hasierako maskaraden irudiak.
Hala ere, euskaraz idatzitako lehen liburua ikustea izan da bereziena. Bernart Etxeparek idatzitako Linguae Vasconum Primitiae, hain zuzen ere. Normalean Parisen aurkitzen da gure hizkuntzan argitaratutako lehen liburu honen jatorrizko ale bakarra. Poema bilduma honek gure literaturan daukan garrantziaz hitz egiteko aukera eman digu, eta baita euskarak historian zehar izandako hedapena eta bilakaera politiko zein sozialaz aritzeko aitzakia ere.
Bazkal ostean, gaur egun Baionak daukan beste balio kultural batek hartu du protagonismoa. Urterik urte bertan ospatzen den street-art jaialdiko hainbat artelan identifikatu dituzte ikasleek. Azkarrenek bertako txokolatea jaso dute opari!
Euskal Herriko txoko eder bat ezagututa itzuli gara etxera!
Hemen dituzue ikusgai eguneko argazki batzuk: