Lehen edizioan 370 lagunek hartu zuten parte, haur, gazte zein helduek, bakarka, familian edo lagunartean. Aurten ere izaera ireki, herrikoi eta inklusiboari eutsi nahi zaio, orientazioan aurretiko esperientziarik izan beharrik gabe.
Parte-hartzaileek probarako prestatutako mapa erabiliko dute Bergarako kale, txoko eta inguruetan kokatutako balizak aurkitzeko. Ez da azkartasuna bakarrik izango garrantzitsua: mapa interpretatu, estrategia aukeratu eta norberaren ibilbidea eraikitzea izango da erronka. Irteera eta helmuga Irala kalean izango dira.
Probaren ardatzetako bat euskara izango da. Ekimen osoa euskaratik eta euskaraz antolatuko da, kirol eta aisialdi eremuetan euskararen presentzia indartzeko eta lagunartean, familian zein jarduera fisikoan euskaraz aritzeko aukera berriak sortzeko.
Ekimenak, gainera, auzolanetik sortutako izaerari eusten dio. Ikastolako guraso talde baten proposamenetik abiatu zen, eta boluntario, antolatzaile eta herriko hainbat eragileren lankidetzari esker egiten da posible.
Hiru modalitate
Aurten ere hiru aukera izango dira:
- Helduak (16 urtetik gora): 9 km inguruko ibilbidea, 10:00etan. Izen-ematea: 14 €.
- Nerabeak (10-15 urte): Bergara eta inguruko orientazio-ibilbidea, 10:30ean. Izen-ematea: 9 €.
- Haurrak eta familiak (10 urtez azpikoak): Bergarako historia, kultura eta txokoak ezagutzeko jarduera, 11:00etan. Izen-ematea: 7 €.
Izen-ematea, urriaren 11ra arte
Izen-ematea herrikrosa.eus webgunearen bidez egin beharko da, urriaren 11 baino lehen. Antolakuntzak azpimarratu du, halaber, izen-ematearen kostua ez dela inor kanpoan uzteko arrazoia izango; zailtasun ekonomikoak dituztenek antolakuntzarekin harremanetan jartzeko aukera izango dute.
Bergarako eta Debagoieneko herritar guztiak daude gonbidatuta mapa eskuan hartu eta Bergara beste begirada batekin ezagutzera!
📅 Urriak 24
📍 Irteera eta helmuga: Irala kalea
🕙 Helduak: 10:00 · Nerabeak: 10:30 · Haurrak: 11:00
✍️ Izen-ematea: herrikrosa.eus
📱 Informazio gehiago: @bergarakoorientazioproba