Skip to main content

Bergaran da Kilometroen lekukoa

Aurkezpen-ekitaldia azaroren 27an izango bada ere, lekukoa Aranzadi Ikastolan dugu dagoeneko. Gipuzkoako ikastolen izenean eta Euskal Herriko ikastola guztiekin elkarlanean, 50. urteurren gogoangarria antolatzera goaz.

Argazkia2026_10_21LekukoarenIritsiera

Bergaran, gure etxean jasoko dugu Euskal Herriko ikastolen aldeko jaien 50. urteurrena. Mende erdi, erraz esaten da. Izan ere, 1977an ospatu zen lehen aldiz Kilometroak jaia, eta bere atzetik etorri ziren Araba Euskaraz, Ibilaldia, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats. Mende erdiko ibilbidearen ostean, zenbaezina da Ikastolen alde Euskal Herri osoan zehar auzolanean jardun dugun euskaltzaleon kopurua; milaka eta milaka herritar aritu gara Ikastolen proiektua babestu eta eraldatzeko lanean.

Euskal Herrian gorpuztu den auzolan erraldoienetakoa gara, eta harro gaude egindako bideaz.

Eta hemen dugu, iritsi da gurera Gipuzkoako Ikastolen jaia laugarrenez antolatzeko lekukoa. Frankismoaren azken hatsetan Antton Mendizabal artistak egindako egurrezko oroigarriak amaitutzat eman du bere bidea, eta gaur Aranzadik estreinatuko duen lekuko honek ziklo berri bati eman nahi dio hasiera. Gotzon Huegun zurgilearen artelana da, eta hiru zutabe nagusi ditu: alde batetik, mugimendua irudikatzen duen zirkulua, herria eta ikastola batzen dituena. Bestetik, Ikastolen hiru zutabe nagusiak: guraso, profesional eta ikasleak, elkarlanean. Eta, azkenik, etorkizunerako leihoa, Ikastolen mugimenduak Euskal Herriari herri-proiektu bat eskaintzeko duen bokazioa.

Hortaz, hemen ditugu Ikastolok ziklo berri bati ekiteko unea eta aukera, biak batera. Izan ere, Kilometroak zerbait bada, gure egiteko moduen adierazgarri leiala da: auzolana, auzolana eta auzolana. Mundua bizitzen ari den garai aldrebes honetan, lehen lerrora ekarri nahi ditugu Ikastolon bereizgarriak. Eraldaketa da gure motorra, pertsona, herri eta kulturen askatasuna eta garapena baititugu ipar. Modu herritarrean egiten dugu hori guztia, gure buruen jabe izanik eta herrikideak elkarrekin antolatuz. Eta ez diogu Euskal Herriari uko egin nahi, gure herria eraikitzeko sarea mugaz gaindikoa baita.

Izan ditzagun presente gure egiteko moduak, sinetsi dezagun beste behin antolatzeko dugun gaitasunean. Eman dezagun gure onena, 2027a urte ederra izango da-eta. Hezkuntza eta herria txikitik egiten dira, bileraz bilera, eskolaz eskola, afariz afari, elkarrekin.

Kilometroak nahi duen herritar ororentzako egitasmoa da. Egin dezala bakoitzak bere. 

Proiekta dezagun Kilometroetan nahi dugun hori guztia, oinak lurrean jartzeko astia beti dago-eta. Amestu dezagun eraiki nahi dugun herri-ereduarekin, amestu Bergararekin. Ikastolak, Kilometroek, zer egin lezakete buruan dugun nahi hori egikaritzeko? Ametsak betetzeko daude, eta Kilometroek amesten laguntzen badigute, zergatik ez, aurrera!

Baina herri honetan badakigu ametsak egin ez ezik, eraiki egin behar direla. Eta batzuetan bidea zaila izan arren, gogoratu zenbat aldiz lortu dugun desirak betetzea. Gogoratu dezagun, eta egunero presente izan, Aranzadi eraiki dugula gure maitasunarekin, milaka eta milaka bergararren maitasunarekin. Maitasuna, konpromisoa eta auzolana.

Prest gaude, eta sendo oratuko dugu lekuko berri hau. Ardura eta ilusio handiz beteko dugu edizio gogoangarri hau antolatzeko zeregina. Gipuzkoako ikastolen izenean, Euskal Herri osoko ikastolekin elkarlanean. Urte oso batez, lekukoak Aranzadi Ikastola izango du aterpe. Hemen hasiko du bere bidea, eta egin ditzala beste 50 urte! Bete dezagun bere oroitzapenen zakua momentu ederrez, mendeurrena ospatzean, irribarrea ahoan esan dezagun: “Bergarako lehen eta 50. urte hura ederra izan zen!”.

Hemen dugu, gurea da.

Egin dezagun Kilometroak!

Goza dezagun Kilometroak!

Aurrera Aranzadi!

Ikusi argazki-bilduma

 

Argazkia2026_10_21LekukoarenIritsiera
Argazkia2026_10_21LekukoarenIritsiera

 

Orokorra

Aranzadi Ikastolako irakasle izandakoa ekarri dugu gogora Itxumendin, haren omenezko totemaren inaugurazioan. Familia, lagun eta gertukoak elkartu gara, Manuren oroimena bizirik eusteko eta hark astronomiarekiko zuen…

Orokorra

Bigarren ikasturtez ari gara Ikastolen Elkarteko pedagogia-aholkularitza jasotzen, eta bide honetan, hainbat ikaskuntza-eredu bisitatzeko aukera izan dugu. Anoeta baino lehen, Orioko Herri Ikastolan eta Oñatiko Txantxiku…

Orokorra

250 lagun inguru elkartu gara Ikastolan urriaren 12arekin batera, egutegi propio baten aldeko aldarria berresteko. Euskal Herria eta euskara lehen lerrora ekartzeaz gain, kolonialismoa eta arrazakeria salatu nahi izan ditugu…

Orokorra

50 urteko ibilbidearen ostean, lekuko berria estreinatuko du Gipuzkoako Ikastolen jaiak: mugimendua, komunitatea eta etorkizunerako leihoa barnebiltzen ditu.