Aurten ere hartuko dugu parte irakurzaletasuna sustatzeko Juul kanpainan

Nafarroako Ikastolek gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzeko antolatzen duten egitasmoa da, eta Euskal Herri osoko ikasleok hartzen dugu parte.

Juul kanpaina ikasturtean zehar gelan, etxean, ikastolan, herrian eta Euskal Herrian irakurketaren zaletasuna bultzatzeko lantzen diren jarduerez osatuta dago. Kanpaina burutzen da ikastoletako haur eta gazteok liburu gogokoena eta ilustratzaile gogokoena hautatuz. Horretarako, Lehen Hezkuntzako ikasleok liburutegi bat sortzen dugu ikasgelan azken 2-3 urteetan argitaratu diren zenbait libururekin. Gure gustuko liburuak izaten dira, ez helduek aukeratuak. Hala, ikasturtean zehar liburu horiek irakurtzen ditugu eta apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean, gure idazle eta ilustratzaile gogokoenari ematen diogu botoa.

Aranzadiko ikasleon botoak Euskal Herri osoko bozketaren parte dira. Hartara, milaka gaztek osatzen dugu epaimahaia, eta guk erabakitzen dugu nori eman saria.

Egitasmoaren inguruko informazio gehiago: www.nafarroakoikastolak.eus