Martxan da Aranzadiko ortua sortzeko prozesua!

Dagoeneko hasi gara espazioa antolatzen, eta helburua da udazkena amaitu orduko dena prest izatea. Horretarako, guztion laguntza beharko dugu!

Azken urteetan ortua pedagogia-baliabide gisa erabiltzeko aukerak aztertzen aritu gara, eta egitasmoa garatzearekin batera, Gipuzkoako Diputazioaren diru-laguntza jaso dugu proiektuaren zati bat finantzatzeko. Horixe izan da akuilua dena martxan jartzeko, eta ez dugu aukera galtzeko asmorik! Iraila hasieratik gaur arte profesionalen lana kudeatzen aritu gara: igeltseritza, iturgintza... Orain, ordea, auzolanaren ordua iritsi da! Dena ondo bidean, urriaren 22an auzolana egingo dugu espazioa atontzeko: txukundu, margotu, hesiak instalatu, lurra eta ongarria bota... Beraz, apunta ezazu data agendan eta zatoz auzolanera, gure txikiek ortuaz goza dezaten!