Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Ikas-bidaiak finantzatzeko bidea baloreekin eraiki daiteke

Zortzigarren urtez jarraian, DBHko ikasleek bertako produktuz osatutako saskiak eta gazta zatiak saldu dituzte. Aranzadik hasitako ekimenak eragin positiboa izan du herrian: gaur egun Bergarako Elikadura Mahaiak sustatzen du proiektua.

Ez zen erraza izan DBHko ikasleek ikas-bidaiak finantzatzeko saltzen zituzten polboroi eta bonboi mitikoak albo batera uztea, Ikastolan urte luzez errotutako ohitura baitzen. Halere, duela zazpi-zortzi urte, Ereindajan kooperatibarekin elkarlean, Aranzadik erabaki zuen bazegoela produktu-salmenta hori beste modu batean egiteko bidea. Urte batetik bestera, auskalo non, nork, zein baldintza edota zer preziotan egindako gozoak saltzetik bertako ekoizleek –gehienek ekoizpen-eredu agroekologian– egindako produktuak saltzera pasa ziren ikasleak.

Erabaki horren atzean Ikastolak bultzatzen dituen baloreak lantzeko apustua egon zen. Hain zuzen ere, orduz geroztik agroekologia, tokiko garapena eta kontsumo arduratsua izan dira ekimenaren zutabe nagusiak.

Hala, azken urteetan herrigintza-ikuspegiarekin jardun dugu lanean, eta Ereindajan (aurrerantzean Elikaenea) arduratu da gurean martxan jarritako eredua herri-mailara zabaltzeaz. Gaur egun Bergarako Elikadura Mahaiak sustatzen du proiektua, eta herriko beste ikastetxeek modu puntual batean parte hartu izan dute. Pozgarria iruditzen zaigu sare hori sortu izana.

Aurten etxez etxe saldu eta herrian zehar banatutako gazta-zati eta otarrak produktu hutsak baino gehiago dira: Aretxabaletako gazta, Aramaioko marmelada, Zestoako patea, Beriaingo pasta eta bidezko merkaritzako txokolatea. Elikagai horien atzean dagoen lana, ikuspegia eta egiteko-modua da, hain justu, ikasleekin landu duguna. Egiten denak besteko garrantzia baitu egiteko moduak.

Ekoizpen- eta kontsumo-eredu baten aldeko keinua da ekimen hau, herri jasangarri eta justuagoa eraikitzeko jartzen dugun aletxoa.

Orokorra

Lankidetzaren fruitu diren materialak jada eskuragarri daude Korrikaren webgunean, Euskal Herriaren luze-zabalean balia daitezen. Ikastola, eskola zein euskaltegietan erabiltzeko pentsatuta daude, euskararen erabilera…

Orokorra

Euskararen eta ikasleen eskubideen aldeko une erabakigarrian, “Baxoa Euskaraz” eskubidea bermatzeko mobilizazioa deitu dute Seaskak eta Ikastolek, atzerapauso larriak izan direla salatuz. Hala, urtarrilaren 24an Baionan…

Orokorra

Ikas-etapa guztietako profesionalez osatutako Hezkuntza Taldeak lideratuko du bidea, egun ditugun hutsuneak identifikatu eta horiei buelta emateko bide-orria diseinatuz.

HH

Gurasoek seme-alabak hezteko bidean dituzten interes eta zalantzak elkarbanatzea, familiaren eta Ikastolaren artean hezkuntza ulertzeko modua partekatzea eta familien foroa sortzea dira ekimenaren helburu nagusiak.