Azken asteotan egindako mobilizazioen ondoren, «erantzun zehatzak» lortzea dute helburu, eta argi utzi dute ez dutela atzera pausorik onartuko gai honetan.
Baionan egindako agerraldi jendetsuan, Seaskako 39 ikastetxeetako ordezkariek hiru eskaera nagusi plazaratu dituzte:
- Lehen mailako ikasleek Matematikako azterketa euskaraz egiteko aukera izatea.
- Baxoko ahozko handia euskaraz egiteko eskubidea bermatzea.
- Baxoan euskarak izan behar duen lekuari buruzko gogoeta prozesuan parte hartzea.
Seaskaren hitzetan, «arazoa orain eta hemen konpondu behar da, ondoko belaunaldien bizkar utzi gabe». Ikasle, irakasle eta familien kezka partekatua dela azpimarratu dute, eta euskarazko hezkuntza hautatzen duten familiek koherentzia pedagogikoa bermatua izan behar dutela nabarmendu dute: ikasketa prozesua euskaraz bada, azterketek ere bide bera jarraitu behar dute.
Gogorarazi dute 2022an brebeta euskaraz egiteko aukera lortu zutela mobilizazioari esker, eta orain urrats berri bat emateko garaia dela. Halaber, salatu dute azken urteetan egindako bileretan hitzak baikorrak izan arren, ez dela aurrerapen nabarmenik gauzatu.
Seaskak azpimarratu du, bereziki, Matematikako azterketa euskaraz egiteko aukera lehen bazegoela, eta berriz ezarri behar dela. «Ez dugu onartuko gibel egiterik: ekain honetan bertan bermatu behar da eskubide hori», adierazi dute.
Bestalde, baxoko ahozko handia euskaraz egiteko aukera ere aurretik hitzartua dagoela gogorarazi dute, baina gaur egun ez dela betetzen. Horren aurrean, aurten berriz ere aukera hori bermatzeko eskatu dute.
Amaitzeko, Seaskak adierazi du elkarrizketarako prest dagoela, urratsez urrats aurrera egiteko, baina betiere ikasleen hizkuntza eskubideak eta hezkuntza koherentzia errespetatuta. Era berean, azterketen inguruko ziurgabetasuna lehenbailehen argitzea eskatu dute, ikasle eta familiei segurtasuna emateko.
Aranzadi Ikastolatik ere bat egiten dugu aldarri honekin. Gure komunitatetik elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu Seaskako kideei, eta uste dugu guztion artean indarra egin behar dugula euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea bermatua izan dadin. Euskarazko hezkuntza osoa eta koherentea lortzeko bidean, denon konpromisoa ezinbestekoa da.