Ikastolako familien arteko topalekua da Bidelagun. Hain zuzen ere, maila berean seme-alabak dituzten bi familia elkartzean datza, bat euskalduna eta bestea euskararik ez duena. Helburuak hainbat dira: harremanak euskararen eremutik eta euskalduntasunetik sustatzea, ezezaguna den herrialde batera etortzeak eragiten dituen zailtasunak samurtzea, euskararekin harreman positiboa sortu eta euskal kulturara hurbiltzea, kulturartekotasuna eta elkarbizitza sustatzea...
Ez dira nolanahiko erronkak, baina bidea egiten hasiak gara. Bigarren ikasturtea da egitasmoa martxan dugula, eta aurten Bidelagun jaiaren I. edizioa ospatu dugu. Topaketa ederra izan da, eta bertaratutako familien eskutik, hainbat hizkuntzatan egindako ipuin-kontaketak, janari-elkartrukeak eta jolas kooperatiboak egin ditugu.
Eder-ederra izan da, eta bide baten hasiera izango denaren ziurtasuna daukagu.