Ikastolako Elikadura Taldea sortu dute hainbat gurasok
Kaixo, Aranzadiko kide!
Gure burua aurkeztera gatoz: Ikastolako guraso-talde bat gara eta aspalditik dugun kezka edota asmoari bide ematea erabaki dugu. Aranzadi Ikastolako Elikadura Taldea sortzera goaz! Pasa den ikasturtean Guraso Kontseiluan aurkeztu genituen gure ideiak, eta Zuzendaritza Taldearekin ere egin dugu lanketa. Gaiaren inguruko bisioa partekatzen dugunez, taldea osatu eta gaia jorratzera animatu gara.
Zer lortu nahi dugu?
- Elikadura-ohitura osasungarriak indartzea.
- Elikadura-kontsumo joerak aztertu eta birplanteatzea.
- Jasangarritasuna eta tokiko garapena bultzatzea.
Zer egingo dugu?
- Gaiak gure komunitatean duen interesa neurtzeko diagnostikoa egin.
- Ikastolan erabiltzen den ikas-materiala aztertu.
- Eskola-orduetan dauden elikadura-aukerak aztertu: hamarretakoa, jangela…
- Formazioa eskaini gure buruak janzteko eta baliabideak eskuratzeko.
Nola egingo dugu?
- Ikastolako eragile guztiekin elkarlanean: irakasleak, hezitzaileak, gurasoak…
- Euskal Herriko beste esperientzia batzuetatik ikasiz.
- Bergarako eragileekin eskuz esku.
Eraldaketaren bidera batu nahi izanez gero, hona hurrengo bilerarako deia: urriak 18, asteartea, 17:30ean Ikastolako idazkaritza aurrean. Hasierako asmoa da hilean behin elkartzea, gure asmoa baita lana mantso eta ongi egitea. Taldea zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta emankorragoa izango da! Hortaz, irakasle zein guraso, anima zaitez eraldaketara!
Bestalde, taldearen aurkezpena aprobetxatuz, jakinarazi nahi dizuegu Bergarako Elikadura Mahaiak jardunaldi oso interesgarria antolatu duela Zure platerean hasten da mundua lelopean. Agroekologia eta elikaduraren inguruko saioek osatuko dute egitaraua: aurkezpenak, dastaketa-solasaldiak, zine-kluba, etxaldeetara bisitak, tailerrak… Urrian zehar izango da, eta informazio gehiago jasotzeko www.bergara.eus ataria bisitatu zenezakete.
Bide oparoaren hasiera izango delakoan, pozik bizi!
Aranzadi Ikastolako Elikadura Taldea