Urriaren 12a gure hezkuntza-proiektuarekin bat ez datozen hainbat gertaera ospatzeko eguna da: kolonialismoa, inperialismoa, arrazakeria eta, oro har, herri, kultura eta hizkuntza txiki eta gutxituen kontrako jarrera eta ekintzak. Horrez gain, Hispanitatearen Eguna Euskal Herria eta euskalduntasuna ukatzeko tresna ere badela uste dugu.
Horregatik, aurten ere Ikastolako ateak irekitzea erabaki dugu, gure balioekin bat datorren eskola-egutegi propioa eraikitzeko bidean urratsak egiten jarraitzeko.
Gure eskola-egutegian badaude gure borondatez ospatzen ez ditugun hainbat egun, eta urriaren 12arekin hastea erabaki genuen, eraldaketa txikietatik abiatzea ezinbestekoa dela sinetsita. Ez ditugu Hispanitatearen Egunak ordezkatzen dituen balioak ospatu nahi, eta, horregatik, egun honi beste esanahi bat eman nahi izan diogu, Ikastolako komunitatea elkartuz eta gure hezkuntza-proiektuarekin bat datozen jarduerak antolatuz.
Komunitatea elkartuta, auzolanean
250 pertsona inguru elkartu gara Ikastolan, haur, ikasle, familia eta profesionalen artean. Egutegi ofizialean jai eguna izan arren, adin guztietako kideek hartu dugu parte, bakoitzak bere ekarpena eginez. Batzuk auzolanean, besteak egunaren inguruko dinamiketan... Goiz benetan ederra izan da.
Gainera, ikasleen parte-hartzea ere oso aktiboa izan da. Esaterako, Ikama ikasle antolakundeak Debagoieneko Herri Eskola egin du gaur gure Ikastolan. Horrela, Aranzadi topagune bihurtu da, hezkuntzaren inguruan hausnartzeko, elkarrekin ikasteko eta elkarlanean aritzeko aukera eskainiz.
Oso pozgarria izan da jai egun ofizial batean horrenbeste kide elkartzea. Gaurko parte-hartzeak argi erakutsi digu komunitate bizia garela eta gure hezkuntza-proiektuarekiko konpromisoa sendoa dela.
Autoeraketa eta konpromisoa, gure indarguneak
Gaurko eguna ez dugu jardunaldi isolatu gisa ulertzen. Gure helburua eskola-egutegian eragitea da, Euskal Herriaren errealitatea eta ikastolen balioak aintzat hartuko dituen egutegi propioa eraikitzeko.
Ikastolok erabakiak komunitatean hartzen ditugu, eta hori da gure indargune nagusietako bat. Gure proiektua gidatzeko autonomia eta autoeraketarako gaitasuna ditugu, eta horiek baliatu nahi ditugu gure eguneroko jarduna gure balioekin koherentea izan dadin.
Gaurko auzolanak, ikasleen parte-hartzeak eta familien zein profesionalen inplikazioak erakutsi digute elkarlanean arituz gure hezkuntza-proiektua indartzeko gai garela.
Euskal Herriko Ikastolen VII. Batzarraren ildotik
Gure ekimena ez da hutsetik sortu. Euskal Herriko Ikastolen VII. Batzarrean hartutako erabakien bidetik ari gara lanean, Euskal Herriko 115 ikastolek euskal curriculumaren garapenaren eta burujabetzaren inguruan adostutako konpromisoak gauzatzeko.
Bide horretan, hiru ideia nagusi ditugu oinarri: gure hezkuntza-proiektua eta barne-antolaketa Euskal Herriko errealitate soziokultural eta linguistikora egokitzea; estatuen asimilazio-politiketatik urruntzea; eta administrazioen mugetatik harago doan, nazio-mailako kohesioa bermatuko duen esparru eta egutegi propio baten alde egitea.
Gure balioekin bat datorren eskola-egutegia eraiki nahi dugu, herri, kultura eta hizkuntza txiki eta gutxituen errealitatea ikusarazi eta babestuko duena.
Gaurko egunak beste behin erakutsi digu Aranzadi Ikastola komunitateak egiten dugula. Elkarrekin erabakitzen dugu, elkarrekin lan egiten dugu eta elkarrekin eraikitzen dugu nahi dugun Ikastola.