Skip to main content

Iazko lehenengo edizioak utzitako zapore gozoari jarraipena eman dio aurten Bergarako II. Orientazio Probak. Ikastolako guraso talde baten ekimenetik sortutako eta Pol-Pol Mendizale Taldearekin elkarlanean antolatutako hitzorduak bigarren urtea bete du, eta beste behin erakutsi du kirola, euskara eta herrigintza uztartzen dituen ekimen honek baduela etorkizuna.

Hasieratik, argi izan dugu Bergarako Orientazio Probak kirol hitzordu bat baino gehiago izan behar duela. Kirolaren bidez taldekidetasuna eta euskara sustatzea, herri-kultura indartzea eta adin zein ezaugarri desberdinetako herritarrak elkartzea izan dira ekimenaren helburu nagusiak. Eta aurten ere, herriko kaleetan sortutako giroak eta parte-hartzaileen aniztasunak helburu horiek bete direla erakutsi dute.

Guztira, 396 lagunek hartu dute parte, 96 taldetan banatuta: 52 talde haur eta familien kategorian, 26 talde 10 eta 15 urte bitartekoen kategorian eta 18 talde helduen kategorian. Familian, lagunartean nahiz taldean, guztiek izan dute herria beste begirada batekin ezagutzeko aukera, mapak eskuetan hartu eta kaleetan barrena ezkutatutako balizen bila arituz.

Bergara euskaratik eta kiroltasunetik eraikitzen

Aurtengo edizioaren berrikuntzarik esanguratsuenetako bat familien kategorian izan da. Iaz, parte-hartzaileek eskua pinturan sartu eta ibilbideko puntu bakoitzean beren izaran eskuaren marka utzi behar izan zuten. Aurten, berriz, erronka berri bat izan dute: ibilbideko puntu bakoitzean koloretako pieza bat eskuratu eta, amaieran, guztien ekarpenekin pankarta handi bat osatzea.

Horrela, familiek egindako ibilbideak amaiera berezia izan du. Talde bakoitzak bildutako piezek guztion artean sortutako irudiari forma eman diote, mezu esanguratsu baten inguruan:

«Bergara euskaratik eta kiroltasunetik eraikitzen».

Pankartak ezin hobeto laburbildu du probaren filosofia: bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa da guztion artean herria eraikitzeko. Modu sinboliko eta parte-hartzailean, haurrek eta familiek elkarlanaren, euskararen eta kiroltasunaren balioa irudikatu dute.

Lehia estua helduen eta nerabeen kategorietan

Familien kategorian gozamenak eta elkarlanak hartu dute protagonismoa; helduen eta nerabeen kategorietan, berriz, orientaziorako trebetasunak, estrategia eta abiadura. Parte-hartzaileek balizak aurkitu, ibilbide egokiena aukeratu eta ahalik eta puntu gehien lortzeko erronkari egin diote aurre.

Helduen kategorian, ESKILARAZUAK taldea izan da garaile, 210 puntu lortuta eta ibilbidea ordubete eta 24 minutuan osatuta. SAN LOKAL 2 taldeak puntuazio bera eskuratu du, baina bost minutu gehiago behar izan ditu, eta bigarren postuan sailkatu da. Hirugarren postua BADIUNZU taldearentzat izan da, 170 punturekin.

10 eta 15 urte bitartekoen kategorian, berriz, lehia bereziki estua izan da. Lehen hiru taldeek 140 puntu lortu dituzte, eta denborak erabaki du sailkapena. TANKITANKA taldeak eskuratu du garaipena, 55 minutuko denborarekin; BERGARA izan da bigarren, 56 minuturekin; eta EZ DAKIT hirugarren, 57 minuturekin. Bi minutuko aldea besterik ez da egon lehenengoaren eta hirugarrenaren artean.

HELDUEN PODIUMA

  • 🥇 ESKILARAZUAK – 210 puntu – 1 h 24 min
  • 🥈 SAN LOKAL 2 – 210 puntu – 1 h 29 min
  • 🥉 BADIUNZU – 170 puntu – 1 h 43 min

10-15 URTE BITARTEKOEN PODIUMA

  • 🥇 TANKITANKA – 140 puntu – 55 min
  • 🥈 BERGARA – 140 puntu – 56 min
  • 🥉 EZ DAKIT – 140 puntu – 57 min

Komunitatearen indarra, probaren oinarri

Emaitzetatik harago, bereziki nabarmendu nahi dugu aurtengo edizioan bizitako giroa, parte-hartzaileen jarrera eta ekimena posible egin duen elkarlana.

Giroa ederra izan da, eta elkarlaguntza zoragarria. Komunitatearen babesa sentitu dugu une oro, eta oso polita izan da hau guztia guztion artean antolatzea. Horixe da, hain zuzen, ekimen honen indargunerik handiena: bakoitzak bere alea jartzea eta, guztion artean, herriarentzat egun berezi bat sortzea.

Izan ere, Bergarako Orientazio Proba ez litzateke posible izango antolakuntzan parte hartzen duten boluntarioen, familien, herriko eragileen eta laguntzaileen inplikaziorik gabe. Bigarren edizio honetan ere, elkarlanak erakutsi du herri ekimen batek zenbateko indarra izan dezakeen komunitate osoaren babesa duenean.

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu babesle guztiei, herriko merkatariei eta inguruko enpresei, zuen laguntza ezinbestekoa izan baita proba aurrera ateratzeko. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiogu ere antolakuntzan lagundu duten boluntarioei eta ekimenean parte hartu duten herritar guztiei.

Bigarren edizioa, etorkizunerako beste urrats bat

Bergarako Orientazio Probaren bigarren edizioak berretsi du orientazioak baduela lekua herrian. Lehia baino harago, elkarrekin gozatzeko, mugitzeko, herriko txokoak ezagutzeko eta belaunaldi desberdinen arteko harremanak sendotzeko aukera eskaini du beste behin.

Aurten familien artean osatutako pankartaren leloak ederki laburbildu du egunaren esanahia: «Bergara euskaratik eta kiroltasunetik eraikitzen».

Horixe baita ekimenaren benetako garaipena: herria elkartzea, euskara kalera ateratzea eta elkarlanaren bidez guztion artean bizipen berriak sortzea.

Ikusi argazki galeria

Irudia
Irudia
Orokorra

Aurkezpen-ekitaldia azaroren 27an izango bada ere, lekukoa Aranzadi Ikastolan dugu dagoeneko. Gipuzkoako ikastolen izenean eta Euskal Herriko ikastola guztiekin elkarlanean, 50. urteurren gogoangarria antolatzera goaz.

Orokorra

Aranzadi Ikastolako irakasle izandakoa ekarri dugu gogora Itxumendin, haren omenezko totemaren inaugurazioan. Familia, lagun eta gertukoak elkartu gara, Manuren oroimena bizirik eusteko eta hark astronomiarekiko zuen…

Orokorra

This is the second school year in which we have been receiving pedagogical guidance from Ikastolen Elkartea, and throughout this process we have had the opportunity to visit several educational models. Before visiting Anoeta…

Orokorra

250 lagun inguru elkartu gara Ikastolan urriaren 12arekin batera, egutegi propio baten aldeko aldarria berresteko. Euskal Herria eta euskara lehen lerrora ekartzeaz gain, kolonialismoa eta arrazakeria salatu nahi izan ditugu…