Errigorak 235.000 euro bideratuko ditu Ager vasconumeko euskalgintzara

Udazkeneko kanpainaren ibilbideko bigarren edizio arrakastatsuena izan da 2021ekoa, 15.500 saski salduta.

2021eko udazkeneko kanpainan ere sekulako datua erdietsi du Errigora egitasmoak: 15.500 saski salduta, 235.000 euro bideratuko ditu Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara. Aranzadiko komunitateak ere eman du beretik: 58 saski erosi ditugu familia eta langileen artean, eta, ondorioz, 1.090 euro bidaliko ditugu lagun nafarrek euskal-komunitatea indartu eta ahaldundu dezaten.

Zorionak bihotz-bihotzez herrilan honen parte izan garen guztioi: ekoizleak, euskalgintzako eragileak, herriz herri lanean aritu garen boluntarioak eta saskia eskatu dugun herritarrak. Bejondeigula! Zortzigarren urtez egin dugu segidan udazkeneko kanpaina eta, hala ere, indar biziz dirau.

Ekarpen horri esker, zonaldeko ikastolek eta AEK-k, bizirauteaz gain, bestela posible ez liratekeen aurrerapausuak ematen jarraitu ahal izanen dute, eta Sortzenek sare publikoan D eredua indartzeko lanean jarraitzeko baliabideak izango ditu. Gainera, herritarrak euskalduntzeko ezinbesteko lan horrez gain, Agerraldiak ekintza-agenda handiagoa egiteko aukera izanen du 2022an, bizitzaren esparru guztietan euskarak espazio berriak irabazteko eta hamarkadetako hizkuntza politikaren ajeei aurre egiten saiatzeko, euskararen aldeko jarrerak sustatuz.

Aurtengo kanpainaren leloak dioen bezala, herriak egiten du herria!

SASKIEN BANAKETA

Saskia(k) Aranzadi Ikastolan eskatu ditugunok azaroaren 25 eta 26an jaso beharko ditugu Seminarioko karpan, 17:00etatik 19:00etara. LH 6. mailako gurasoek ekarriko dituzte Arrasatetik Bergarara, eta banaketa ere beraiek antolatuko dute.