Euskaraldirako izen-emateen azken txanpa: ekitera goaz!

Erregistra zaitez egitasmoaren web-orrian edo zenbait egunetan Aranzadiko Euskara Batzordeak ikastolako atean jarriko duen postuan.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Ordura arte, baina, ariguneak indartu eta izen-ematea sustatu behar dugu, ahal beste bergarar pasa gaitezen euskararen alde egotetik, euskaraz bizitzera.

Aranzadiko Euskara Batzordea lan handia egiten ari da bai ikastolan eta baita herri mailan ere talde-ariketa honi oihartzuna eman eta hizkuntza-ohiturak astintzeko. Izen-emateen azken txanpan sartuta gauden honetan, Aranzadiko kide guztiak deitu dituzte ariketan parte hartzera eta, horretarako, erregistratu beharra dago. Bi bide ditugu aukeran:

1) Egitasmoaren web-orrian izena ematea.

2) Aranzadiko Euskara Batzordeak hurrengo asteko hainbat egunetan ikastolako kanpoan jarriko duen postura gerturatzea (sistema informatikoa akatsak izaten ari da izen-emateak erregistratzerako orduan).

Bestalde, gertura zaitezte postura dagoeneko izena eman duzuenak ere, bertan banatuko baitituzte egitasmoaren bereizgarri diren txapak.

Honakoak dira postuaren hitzorduak:

  • Azaroak 8, asteartea, 17:00etan.
  • Azaroak 9, asteazkena, 17:00etan.

Belarriprestok eta ahobiziok elkarrekin lan egingo dugu aukera berriak izan ditzagun, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da!