Skip to main content
Orokorra

Ikastolok azken hiru urteetako matrikulazio-prozesuen balorazio kritikoa egin eta hainbat neurri proposatu ditugu

Ikastolen Elkarteko kideekin batera Gasteizen egindako agerraldian adierazi dugu Hezkuntza Sailak matrikulazio-prozesua arautzeko ezarritako dekretuak ez duela segregazioa murrizteko balio izan. Gainera, jakinarazi dugu datorren ikasturtetik aurrera Ikastola guztiok beka-sistema propioa izango dugula.

Irudia
EHI_agerraldia_matrikulazioa

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren matrikulazio prozesua arautzeko azkeneko dekretuak, duela hiru urtekoak, ez du balio izan segregazioa bukatzeko. Aitzitik, albo-kalteak eragin ditu bai familia askorengan, eta baita Ikastolengan ere. Zaurgarritasun indizea kalkulatzeko formula ez da egokia, ezta sinesgarria ere, eta indize horretan oinarritutako esleipen-mugimenduak oso mugatuak dira eta ez dira beti modu orekatuan eman. 

Gainera, matrikulazio bizian (ikasturtea hasi ondoren) heltzen diren ikasleen banaketa ez da orekatua, eta Eskolatze Batzordeak hartutako erabakiek intentzionalitate jakina izan dutela uste dugu: Ikastoletan lekua egon arren, ikas-maila zehatz batzuetara ez dute euskara ez dakiten edo zaurgarriak diren ikaslerik bidaltzen, maila horietan ikasle-kopurua haz ez dadin – familia horiek propio Ikastolan matrikulatzeko eskaria egin arren–. Bide horretan, Ikastoloi kalte egin digu dekretuak, gure plaza-kopuruak mugatu egin dituelako, baita geletan lekua izanda ere. Horiek dira, laburbilduz, azken hiru urteetan egin den matrikulazioaren kudeaketaren gainean egin dugun balorazioaren puntu nagusiak.

Egoera horren aurrean, Ikastolok neurri zehatzak proposatu ditugu:

  • Zaurgarritasun-indizea kalkulatzeko datu eta adierazle objektiboetan oinarritutako formula berri bat garatzea.
  • Herrietako eragin-eremuak modu orekatuan eta justuan berrikustea.
  • Udal matrikulazio bulego neutroak sortzea, informazio gardentasuna eta aukera-berdintasuna bermatzeko.
  • Matrikula bizia modu gardenago, orekatuago eta bidezkoago batean arautzea.
  • Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen duten ikastetxe guztiei trataera bertsua ematea.
  • Familien hautuaren askatasuna errespetatzea.

Horren aurrean, Ikastolok konpromisoari eusten jarraituko dugu. Hezkuntza-sistema inklusibo eta bidezkoago bat eraikitzeko helburuarekin, gure konpromisoa berresten dugu norabide horretan lanean jarraitzeko. Hala, martxan ditugun hainbat neurriren berri eman nahi dugu:

  • Ikastola guztietan beka-sistema propioa ezarriko dugu, ikasle guztien sarbide unibertsala bermatzeko. Aranzadi Ikastolak urteak daramatza familia zaurgarrien sarbide unibertsala bermatzen, baina hemendik aurrera sistema antolatu baten bidez egingo du.
  • Herri mailako murgiltze-guneak martxan jarriko ditugu datorren ikasturtetik aurrera. Baldintza egokirik egon ezean, euskara etxetik ez dakarten ikasleentzat murgiltze-plana garatuko dugu.
  • Ikastola hautatu duten familia guztiek bertan jarraitzeko aukera izan dezaten lan egingo dugu. 

 

Amaitzeko, Ikastolok azpimarratu dugu euskal hezkuntza sistemaren eraldaketan eragile aktibo eta konprometitu izaten jarraituko dugula, eta gizarte osoaren inplikazioa ezinbestekoa dela: "Etorkizunaren eraikuntza hezkuntzatik egiten da, eta Ikastolak bertan gara."

Adierazpen osoa sakonki irakurtzeko, irakurri prentsa-oharra hemen: www.ikastola.eus

LH

LH 2. mailako ikasleek Makusik antolatutako Eskola Erronka ekimenean parte hartu zuten. Erronka honetan, ikasleek sormena, lana eta ilusioa uztartu zituzten, eta taldeka, elkarlana eta irudimena erabiliz, bideo original eta…

Orokorra

Maiatzaren 25ean ospatuko da Bizkaiko ikastolen jaia, Ibilaldia, eta aurtengoan Galdakao izango da ospakizunaren gune nagusia. "Magaletik herrire, euskera erdire!" lelopean, Eguzkibegi Ikastolak hartuko du 47.…

Orokorra

Ate-joka dugu Euskaraldia, eta Ikastolako kideok motorrak berotzen hasiak gara. Bai Ikastolan eta baita kalean ere, bergararrak euskaraz aritzeko xaxatze-lana egiten dihardugu.

Orokorra

Maiatzaren 11n, igandea, ospatuko da Herri Urrats Senpereko aintziraren inguruan. Aurtengo edizioaren leloa "Elgarrekin" da, eta helburu nagusia Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko elkarlana eta babesa sustatzea…