Skip to main content

Gau Beltza berpiztu, gure identitateari eusteko

Globalizazioaren eta kultura amerikarraren hedapenaren ondorioz, azken urteetan Euskal Herrian Halloween ospakizuna nagusitu da. Dakartzan mehatxuak kontuan hartuta, aurre egin eta euskal kultura eta tradizioa sustatzeko apustua egin dugu.

Gau Beltza

 

Euskal Herriko landa-eremuetan XX. mendera arte ospatu zen Gau Beltza. Bi gai nagusi barnebiltzen zituen ospakizunak:

  • Gizakiak naturarekin duen lotura.
  • Hildako senide eta lagunen memoria.

Kalabaza-garaia udazken guztira luzatzen zenez, haurrek ortutik kalabazak hartu eta sasoi guztian zehar sortzen zituzten argiztatutako kalabazak, bizilagunak beldurtzeko asmoarekin. Ospakizun horrek, ordea, garrantzia berezia hartzen zuen urriaren 31ko gauean, uste baitzen momentu horretan hildako senideen eta lagunen arimak etxera bueltatzen zirela. Horregatik, argiztatutako kalabazak ipintzen ziren baserrien atarietan eta bide bazterretan, hildakoen arimei etxerako bidea erakusteko.

Baserrietan sasoiko fruitu eta barazkiak janez ospatzen zuten egun hau (gaztainak, kalabazak, arbiak, patatak…) eta zeinbait herritan gaztetxoak trapu zaharrez egindako jantziez estali eta baserriz baserri joaten ziren kantuan eta janari eskean. Ospakizun honekin ematen zioten hasiera negu luzeari euskal baserrietan, hau da, Gau Beltza izaten zen neguko ziklo berriari ongietorria emateko egiten zen lehen ospakizuna.

Gau Beltzak, beraz, heriotzaren beste ikuspegi bat erakusten digu, non bizidunek hildakoekin elkartzeko aukera duten. Gainera, praktika pagano honek bestelako baloreak ere erakusten dizkigu: hildakoen oroitzapenak eta memoriak duen garrantzia, familiaren eta komunitatearen kohesioa eta gizakiak naturarekin duen lotura.

Hala, euskaldunon tradizioekin lotura duten hainbat elementu interesgarri batzen ditu Gau Beltzak:

  • Naturaren zikloak (neguari ongi-etorria).
  • Sasoiko fruitu eta barazkien garrantzia.
  • Heriotza bizitzeko beste modu bat.
  • Beldurraren inguruko lanketa.
  • Komunitatearen kohesioa.

 

Irudia
Gau Beltza
Irudia
Gau Beltza

Gau Beltza vs. Halloween

Globalizazioaren eta kultura amerikarraren hedapenaren ondorioz, azken urteetan Euskal Herrian Halloween ospakizuna nagusitu da. Errealitate horrek hainbat mehatxu dakartza gurera:

  • Euskal tradizioaren eta identitatearen galera.
  • Kapitalismoan oinarritutako ospakizunen gorakada. Erosi-erosi filosofia.
  • Natura-zikloen garrantziaren galera. 

Hala, azken ikasturteetan egin dugun bezala, mehatxu horri horri egin eta Ikastolon hezkuntza-proiektua indartzera goaz, indarra jarriz euskalduntasunean eta euskal tradizioan. Horretarako, Euskal Herriko euskaltzaleen Taupa mugimenduak hasitako sarera batuko gara: Gau Beltza berreskuratzera goaz!

Laster emango dizuegu Ikastolako programazioaren berri.

 

HH

Aste honetan, azaroaren 26an, ospatu ditugu Haur Ikastolako Ate Irekiak Aranzadi Ikastolan. 2024 eta 2025ean jaiotako haur eta familien arteko topaketa berezia izan da.

Orokorra

Euskal Herri osoko euskaltzaleen eskaerei esker, iaz baino 18.000 euro gehiago bideratuko da Nafarroako erdi eta hegoaldeko euskalgintza indartzera. Guztira 16.400 saski banatuko dira.

Orokorra

Langile guztien lan-baldintzen homologazioa eta soldaten parekatzea daude jokoan, eta ikasleen ongizatea lehen lerroan: ratioak txikitzea, baliabide gehigarriak...

Orokorra

Euskarak bizi eta arnasa har dezan, komunitateak elkarrekin egitea ezinbestekoa da. Udazken honetan, beste behin, bi ekimen eder jarri dira martxan: Nafarroa euskalduntzeko Errigora kanpaina eta Zuberoako Ikastolen aldeko…