Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Aranzadi Ikastolak bat egin du Kilometroak jaiaren 50. urteurrenarekin

Kilometroak jaiak 50. edizioa ospatuko du aurten Lazkaon, 1977ko lehen jaiaren lekukoa berriro hartuz. Gure ikastolak hiru aldiz antolatu du jai hau Bergaran, eta datorren urtean berriro hartuko dugu erronka hori ilusioz. Aurtengo urteurren bereziaren harira, “50 JAI; 50 TONTOR” ekimena proposatu da: maiatzean ikasle eta irakasleak Aitzulora eta Kurtzeagagañara igo dira.

2026_06_10_Fotomuntaia_50Jai50Tontor.jpg

Aurten Kilometroak jaiak urteurren berezia du: 50. edizioa ospatuko du Ikastolen jaiak. Mende erdiko ibilbidea, auzolanean, euskararen aldeko konpromisoan eta ikastolen komunitatearen indarrean oinarritua. Edizio honetan, gainera, jaia bere hastapenetako bidera itzuliko da, Lazkaora, 1977an Beasain eta Lazkaoko ikastolek lehen aldiz antolatu zuten jai haren lekukoa berriro hartuz. 

Aranzadi Ikastolan oso presente dugu jaia, izan ere, datorren urtean Bergaran antolatuko ditugu Kilometroak. Aurretik ere, hiru aldiz hartu dugu jai handi honen antolaketa: 1991n, “Igo tipi-tapa euskararen aldapa” lelopean; 2007an, “Argi daukagu”; eta 2016an, “Demasa”. Hiru hitzordu horiek gure Ikastolaren eta herriaren historian ondo errotuta geratu dira, auzolanaren, ilusioaren eta euskararekiko atxikimenduaren erakusgarri. Horregatik, aurtengo 50. urteurrena bereziki esanguratsua da guretzat; iraganeko mugarriak gogoratzeko ez ezik, etorkizuneko erronka ilusioz hartzeko aukera ere bada. Bergarak berriro hartuko du Gipuzkoako Ikastolen aldeko jai handiaren lekukoa, eta Aranzadi komunitatea dagoeneko hasia da bide berri hori gogoz eta arduraz bizitzen. 

Baina aurtengoa ospatzeko, Ikastolen Elkartetik ekimen berezia proposatu zaigu Gipuzkoako ikastoloi: “50 JAI; 50 TONTOR”. Helburua argia bezain polita izan da: Gipuzkoako Ikastolon artean 50 tontor igotzea, Kilometroak jaiaren ibilbidea mendiz mendi irudikatuz eta Ikastolon komunitate osoa ospakizun honen parte eginez. Guk ilusioz egin dugu bat erronka honekin. Maiatzean zehar, ikasleak eta irakasleak Aitzulo eta Kurtzeagagaña mendietara igo dira.

Bi irteerek aukera eman dute ikastolako komunitatearen izaera berriro ere indartzeko: elkarrekin ibiltzea, ingurua ezagutzea, naturaz gozatzea eta, aldi berean, Kilometroak jaiaren esanahia gogoratzea. Izan ere, Kilometroak ez da egun bakarreko jaia soilik; bidea da, parte-hartzea da, herrigintza da, eta euskarazko hezkuntza proiektu baten aldeko konpromisoa da. 

Urteurren borobil honetan, Aranzaditarrok harro egin dugu bat 50 JAI; 50 TONTOR ekimenarekin. Gure ikasle eta irakasleek Aitzulora eta Kurtzeagagañara egindako igoerek beste urrats bat gehitu diote Kilometroak jaiaren 50 urteko ibilbideari. 

Mendiz mendi, ibilian-ibilian, buelta!

Orokorra

Azken hilabeteotan Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde egindako mobilizazioek fruituak eman dituzte. Frantziako Hezkuntza Ministerioak baieztatu duenez, 2028tik aurrera ikasleek Baxoko zenbait proba euskaraz egiteko…

Orokorra

Bidelagun egitasmoa su geldoan, konpromisoz eta zaintza-ikuspegitik egituratutako proiektua da. Parte hartzen duten familiek gorpuzten dute eta, lehen aldiz, topaketa baten bueltan elkartu dira hainbat.

DBH

Sukaldaritza-lehaiketak bigarren edizioa izan du aurtengoa. Ekimenak talde-lana, sormena eta sukaldaritzarekiko grina sustatzen ditu helburu, eta esperientzia ederra izan dela aitortu dute gaztetxoek.

DBH

Debagoienean hamaika aukera dugu bioaniztasunaz, geologiaz eta, oro har, naturaz gozatzeko. DBHko 1. mailako ikasleek horretarako aukera izan dute Arantzazura egindako irteeran.