Pauso bat hizkuntzaren kalitatea hobetzeak duen garrantziaz jabetzeko
“Testu” eta “josi” jatorri bereko hitzak dira hizkuntza indoeuroparretan. Testuak josi egiten dira, hitzak josiz esaldiak sortu, esanahiak eraiki. Hizkuntzak josten du herria. Hizkuntzak elkartzen gaitu denok hamaika hari dituen sarean, mataza batean. Etxetik hasita, etxeko goxotasunetik. Emakumeek josi izan dute etxean: jantziak eta hizkuntza, herria… aitortza. Testuak gorpuztu, gorputzak gu, guk hitzak… Hizkuntzari esker biziraun.
Aurtengo Euskararen Egunean DBH eta Batxilergoko ikasleon artean joste lanak egitera goaz, eta, ondoren, gure lanak zintzilikatuko ditugu Ikastolako fatxadan. Horretaz gain, gure euskara dotoretzeko proposamenak bildu eta denon artean partekatuko ditugu. Jarduera horien bitartez gure Ikastolaren komunitatea hizkuntzaren kalitatea hobetzeak duen garrantziaz konturatu eta jabetzea nahi dugu. Beraz, ikasleekin landuko dugun dokumentu bera partekatzen dugu zuokin, Aranzadi Ikastolako kide zareten guztiokin, nahi izanez gero zuon ekarpenak egin ditzazuen. Hemen duzue esteka.
Bestalde, pandemiak olinpiadak eta txokolate-jana egitea eragotzi badigu ere, Haur eta Lehen Hezkuntzan ohiko ekintzak egingo ditugu: lekaixo txapelketa, antzerkiak, mait(hi)itza, karaokea, hitzpasa...