Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Haur eta gaztetxoekin Euskaraldia lantzeko proposamen didaktikoak aurkeztu ditu Ikastolen Elkarteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da aurten Euskaraldia, eta sustatzaileek nahi dute haurrak eta nerabeak "xaxatzaile" izatea. Euskaraldiko lan-taldeak eta Ikastolen Elkarteak proposamen didaktikoak prestatu dituzte elkarlanean, ikastetxe guztiei eskaintzeko.

Irudia
Euskaraldia_prentsaurrekoa

Abian dira Euskaraldia antolatzeko urratsak, eta Aranzadi Ikastolak eman du izena dagoeneko. Herri eta erakundeez gain, 16 urtetik gorako norbanakoek eman dezakete izena, haur eta nerabeek berez ezin dute ariketa sozial horretan parte hartu. Halere, haien atxikimendua ere garrantzitsua da nolabait; horregatik, ekinaldiaren aldeko "xaxatzaile" izatea da proposamen didaktiko horien helburua.

Euskaraldiko lantaldeak Ikastolen Elkartearekin batera prestatutako materialak dira, eta sustatzaileek nabarmendu dute haur eta nerabeen partaidetzak berebiziko garrantzia duela Euskaraldiaren arrakasta bermatze aldera. "Uste dugu ariketa honek helduak interpelatu behar dituela, gaztetxo horien aurrean eredugarri izan daitezen", azaldu dute.

Euskaraldiaren helburu behinena gogoratu dute: euskararen erabilera areagotzea. Horri dagokionez, berebiziko garrantzia dute umeekin izaten diren harremanek. Izan ere, oso garrantzitsua da haur eta nerabeen atxikimendua: batetik, etorkizuneko Euskaraldietako partaideak izango direlako; bestetik, etxe askotan Euskaraldiaren aldeko "pedagogia" egin dezaketelako. Lanketa horren bidez gazteenen "kontzientzia soziolinguistikoa" ere piztu nahi da.

 

Horrelako ekimenen bidez, Ikastolok herriari eskaintzen diogu gure egitura, lana eta jakintza. Izan ere, horretan oinarritzen da herrigintza. Euskal Herriko ikastetxe guzti-guztiek izango dute aukera aipagai ditugun proposamen didaktikoak lantzeko.

 

Adin-tarteka antolatu dute eskaintza. Altxa izenekoa 3 eta 9 urte arteko umeentzat da, Dantza 9 eta 12 adin tartekoentzat, eta Jalgi nerabeentzat. Material moldagarriak dira, eta ikastetxeetan ez ezik, haur eta gazteei zuzenduriko gainerako ekinbideetan ere erabil daitezke, aisialdian edo kultur arloko egitasmoetan, adibidez. Euskaraldia.eus web-orrian argitaratu dituzte, guztion eskura egon daitezen.

 

Orokorra

Ikas-etapa guztietako profesionalez osatutako Hezkuntza Taldeak lideratuko du bidea, egun ditugun hutsuneak identifikatu eta horiei buelta emateko bide-orria diseinatuz.

HH

Gurasoek seme-alabak hezteko bidean dituzten interes eta zalantzak elkarbanatzea, familiaren eta Ikastolaren artean hezkuntza ulertzeko modua partekatzea eta familien foroa sortzea dira ekimenaren helburu nagusiak.

DBH

Gizarteko eskoletan Erdi Aroa lantzearekin bat, Iruñeko eta Nafarroako Erresumak izan ditugu aztergai DBH 2ko ikasleekin. Gaia borobiltzeko, Amaiurko museoa, gaztelua eta errota bisitatu ditugu.

Orokorra

Ekimenak euskara, euskal kultura eta nazio-ikuspegia lantzea izan du helburu. Pozik gaude lehiaketak izan duen harrerarekin, izan ere, haur, gazte eta heldu ugarik hartu du parte, eta kalitate handiko lanak sortu dituzte.