Herrigintza
Iazko estreinaldi arrakastatsuaren ostean, Bergarako Orientazio Probak bigarren urtez bete ditu herriko kaleak ilusioz eta kirol giroz. Guztira, 396 lagunek hartu dute parte aurtengo edizioan, 96 taldetan banatuta. Herritarren parte-hartzeaz gain, komunitatearen babesa eta elkarlana izan dira eguneko protagonista nagusiak.
250 lagun inguru elkartu gara Ikastolan urriaren 12arekin batera, egutegi propio baten aldeko aldarria berresteko. Euskal Herria eta euskara lehen lerrora ekartzeaz gain, kolonialismoa eta arrazakeria salatu nahi izan ditugu.
Iazko lehen edizioaren harrera bikainaren ondoren, Bergarako Orientazio Proba bueltan da. Aranzadi Ikastolak eta Pol-Pol Mendi Elkarteak antolatuta, bigarren edizioa urriaren 24an egingo da, euskara, kirola, natura, herri-kultura eta taldekidetasuna uztartuz.
Aranzadi Ikastolak, Euskal Herrian Euskarazek eta Jardun Euskara Elkarteak deituta, bergarar andana elkartu gara azken asteetan USaP probaren bueltan sortutako jarrera eta erabaki euskarafoboak salatzeko.
Kilometroak jaiak 50. edizioa ospatuko du aurten Lazkaon, 1977ko lehen jaiaren lekukoa berriro hartuz. Gure ikastolak hiru aldiz antolatu du jai hau Bergaran, eta datorren urtean berriro hartuko dugu erronka hori ilusioz. Aurtengo urteurren bereziaren harira, “50 JAI; 50 TONTOR” ekimena proposatu da: maiatzean ikasle eta irakasleak Aitzulora eta Kurtzeagagañara igo dira.
Azken hilabeteotan Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde egindako mobilizazioek fruituak eman dituzte. Frantziako Hezkuntza Ministerioak baieztatu duenez, 2028tik aurrera ikasleek Baxoko zenbait proba euskaraz egiteko aukera izango dute, berezitasuneko azterketan eta, neurri batean, ahozko handian ere.
Seaskako ikasleen erabakiaren eta Nafarroako ikastolen aurkako erasoaren aurrean, babesa eta atxikimendua adierazi nahi diegu euskararen alde eta euskarazko hezkuntzaren defentsan ari diren ikasle, familia eta hezkuntza komunitate guztiei.
Beste urte batez, Nafarroa hegoaldeko kalitatezko elikagaiak zuzenean ekoizleen eskutik eskuratzeko aukera zabaldu du Errigora egitasmoak. Eskaerak egiteko epea otsailaren 26tik martxoaren 18ra arte egongo da zabalik.
Zortzigarren urtez jarraian, DBHko ikasleek bertako produktuz osatutako saskiak eta gazta zatiak saldu dituzte. Aranzadik hasitako ekimenak eragin positiboa izan du herrian: gaur egun Bergarako Elikadura Mahaiak sustatzen du proiektua.
Euskal Herri osoko euskaltzaleen eskaerei esker, iaz baino 18.000 euro gehiago bideratuko da Nafarroako erdi eta hegoaldeko euskalgintza indartzera. Guztira 16.400 saski banatuko dira.
Euskarak bizi eta arnasa har dezan, komunitateak elkarrekin egitea ezinbestekoa da. Udazken honetan, beste behin, bi ekimen eder jarri dira martxan: Nafarroa euskalduntzeko Errigora kanpaina eta Zuberoako Ikastolen aldeko Ikaskoli saski-salmenta.
Euskalgintzako hamarnaka eragilek eta euskaltzalek agerraldia egin dugu Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, eta adierazpen bat aurkeztu dugu. Euskaltzaleei dei egin diegu abenduaren 27an Bilbon batzera: «Euskaltzaleon garaia da!».
Pagination
- Page 1
- Next page