Herrigintza
Kilometroak jaiak 50. edizioa ospatuko du aurten Lazkaon, 1977ko lehen jaiaren lekukoa berriro hartuz. Gure ikastolak hiru aldiz antolatu du jai hau Bergaran, eta datorren urtean berriro hartuko dugu erronka hori ilusioz. Aurtengo urteurren bereziaren harira, “50 JAI; 50 TONTOR” ekimena proposatu da: maiatzean ikasle eta irakasleak Aitzulora eta Kurtzeagagañara igo dira.
Azken hilabeteotan Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde egindako mobilizazioek fruituak eman dituzte. Frantziako Hezkuntza Ministerioak baieztatu duenez, 2028tik aurrera ikasleek Baxoko zenbait proba euskaraz egiteko aukera izango dute, berezitasuneko azterketan eta, neurri batean, ahozko handian ere.
Seaskako ikasleen erabakiaren eta Nafarroako ikastolen aurkako erasoaren aurrean, babesa eta atxikimendua adierazi nahi diegu euskararen alde eta euskarazko hezkuntzaren defentsan ari diren ikasle, familia eta hezkuntza komunitate guztiei.
Beste urte batez, Nafarroa hegoaldeko kalitatezko elikagaiak zuzenean ekoizleen eskutik eskuratzeko aukera zabaldu du Errigora egitasmoak. Eskaerak egiteko epea otsailaren 26tik martxoaren 18ra arte egongo da zabalik.
Zortzigarren urtez jarraian, DBHko ikasleek bertako produktuz osatutako saskiak eta gazta zatiak saldu dituzte. Aranzadik hasitako ekimenak eragin positiboa izan du herrian: gaur egun Bergarako Elikadura Mahaiak sustatzen du proiektua.
Euskal Herri osoko euskaltzaleen eskaerei esker, iaz baino 18.000 euro gehiago bideratuko da Nafarroako erdi eta hegoaldeko euskalgintza indartzera. Guztira 16.400 saski banatuko dira.
Euskarak bizi eta arnasa har dezan, komunitateak elkarrekin egitea ezinbestekoa da. Udazken honetan, beste behin, bi ekimen eder jarri dira martxan: Nafarroa euskalduntzeko Errigora kanpaina eta Zuberoako Ikastolen aldeko Ikaskoli saski-salmenta.
Euskalgintzako hamarnaka eragilek eta euskaltzalek agerraldia egin dugu Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, eta adierazpen bat aurkeztu dugu. Euskaltzaleei dei egin diegu abenduaren 27an Bilbon batzera: «Euskaltzaleon garaia da!».
Palestinako gatazkaren inguruko kontzientziazio-lanketa egiten ari gara, egoeraz hausnartzeko eta ikasleen artean elkartasuna sustatzeko. Gatazkak eragindako sufrimenduaren aurrean, Palestinako herritarrei gure babesa adierazi nahi diegu. Horretarako, ikasleek hausnarketa-saioak eta sormen-ekintzak egin dituzte, bakearen eta justiziaren aldeko mezua zabaltzeko.
Ideia nahiko zoroa zirudien duela urtebete Ikastolako guraso batzuek proposatutakoak, baina lehenengo edizio honetan herrian piztu dugun giroak eta 370 parte-hartzaileen motibazioak erakutsi dute ekimen ederra sortu dugula.
Aranzadi Ikastolak, herriko beste ikastetxe, kirol-elkarte eta Bergarako Udalarekin batera, Eskola Kirolaren Herri Ituna sinatu du, udalerriko haur eta nerabeen garapen integrala eta osasuntsua sustatzeko helburu argiarekin.
Datorren igandean ospatuko da Araba Euskaraz 2025, eta aurten Gasteizko hiru gune nagusitan banatuko da jaia: Mendizorrotza, Prado parkea eta Armentia Ikastola.
Paginación
- Página 1
- Siguiente página