Ikastolek akordio zabal bat eskatu dute, marra gorririk gabe

Hezkuntza Sistema antolatu eta adosteko une historikoan gaudela nabarmendu dute, eta alderdiei eskatu diete bide hori errazteko.

“Badakigu zaila dela, kanpoko faktore asko daude (ideologikoak, jaiotze tasaren jaitsiera, bakoitzaren egoera, ….) baina une historikoan gaude: erakunde hauek sortu zirenetik lehenengo aldiz, gure gizartearen eraikuntzan oinarrizkoa den Hezkuntza Sistema antolatu eta adosteko momentuan gaude”, adierazi dute ikastolek Eusko Legebiltzarrean, etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentzian egin duten agerraldian.

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak hartu dute hitza Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordean, ikastolen jarrera azaltzeko. Hezkuntza akordioa eta Legea hizpide harturik, nor bere lubakitik irten, hitz egin eta adostera deitu dute, “hurrengo 20-30 urteak baldintzatzen ari baikara”. Horretarako, ezberdinen arteko akordioak gauzatu beharra dagoela azpimarratu dute.  “Ikastolak prest gaude, eztabaidatu eta adostu egin nahi dugu, marra gorririk gabe, gure gizarteak hori eskatzen baitigu, eta ezin baitiogu kale egin”, adierazi dute. Legebiltzarreko alderdietako ordezkariei, berriz, bide hori errazteko eskatu diete: “Mahai honetan zaudeten guztioi deia egiten dizuegu bide horretan aritzera. Ikastolok bide-lagun izango gara, baina guk bakarrik ezin dugu ezer egin; denon ekarpena behar dugu”.

    

Etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko ponentzia:

1.- ZERGATIK ETA ZERTARAKO HEZKUNTZA LEGEA?

Abiapuntua: Edozein herriren etorkizuna finkatzeko garaian, Hezkuntza oinarrizko gaia da: Ikasleen irteera profila zehazterakoan, gizartearen etorkizuna eta eredua finkatzen dira. Herri edo herrialde baten kultura, historia, izaera, hizkuntza transmititzeko eta mantentzeko oinarrizko tresna da Hezkuntza. Horregatik, hain zuzen ere, herri eta gobernu guztiek lehenesten duten gaia da Hezkuntza, eta arautzeko lehentasuna ematen diote. EAE Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, ez. 1992ko Hezkuntza Hitzarmenerako Akordio Politikoa oinarritzat hartuz, Euskal Eskola Publikoaren Legea argitaratu zen; baina Lege honen izenak adierazten duen bezala, Hezkuntza Sistemaren erdia besterik ez zuen arautzen (bere gabezia guztiekin).

Geroztik, 30 urte luze hauetan, asko aldatu da euskal gizartearen testuingurua eta euskal gizartea bera:

  • Testuingurua: sozioekonomikoa, globalizazioa, zientzia eta teknologiaren garapena, neurozientziaren aurrerapena, hizkuntza testuingurua, hezkuntza paradigma berriak, migrazioak, bizikidetza orokorra, familiaren eredua, gizartearen zahartzea …. Gizarte- aldaketa hauek, besteak beste, euskaldunon bizimoduaren eta baloreen aldaketak ekarri dituzte.
  • Hezkuntza sistemaren emaitzak: Europako Batasunak ezarritako helburu garrantzitsu batzuk gainditu baditugu ere (eskola uzte goiztiar txikia, ikasleko gastu publikoa, tituludun batxiler-tasa, haur Hezkuntzako estaldura maila eta abar), PIRLS, TIMSS, PISA edo bestelako kanpo-ebaluazioen arabera, beste ondorio bat ere ageri zaigu: kaxkarkerian oinarrituriko eskola emaitzak ditugu; horixe da eskola emaitzen joera, kanpoko ebaluazioetan. Ekitatiboak dira, bai, baina nahiko kaxkarrak, eta ez Europa mailako herriekin alderatuz soilik, Espainiako Estatuko beste lurralde askorekin alderatuta ere bai, baizik.
  • Inbertsio-emaitzen arteko erlazioa: Nahiz eta Espainiako Estatu mailan, EAEk ikasleko egiten den inbertsiorik handienekoa egin, horrek ez du dagokion isla emaitza akademikoetan.

Eta, bien bitartean, EAEn ez da inolako pauso esanguratsurik eman legegintza-gaian. Eusko Jaurlaritzak zein gobernuz kanpoko partidu eta talde parlamentarioek bultzaturik, 1981 eta 2016. urteen bitartean, oker ez bagaude, 375 lege araupetu eta onartu dira Legebiltzarrean. Unibertsitatekoez kanpoko Hezkuntza arloan, berriz, 1/1993 (Euskal Eskola Publikoaren Legea) eta 2/1993 (Unibertsitatez kanpoko irakasle-kidegoari buruzkoa) eta hauen aldaketa txikiak proposatzen zituzten legeak baino ez dauzkagu. Ordua da, beraz, egoerari aurre egiteko; bada garaia, legez ere, aukera osoa eta eguneratua sortzeko, egungo errealitateari eta bihar/etziko euskal gizartearen beharrei loturik jardun ahal izateko.

 

2.- EUSKARA

Azken 5-6 urte hauetako emaitza guztiek ondorio berdinera iritsi dira: euskararen erabilera eta ezagutza maldan behera doa euskal Hezkuntza Sisteman. Zergatiak askotarikoak direla ziur gaude; gaur ez goaz horren inguruko tesi bat egitera, igande honetan EL PAIS egunkariko editorialean idatzitakoa aipatzea baizik: “Sólo la experiencia repetida del uso de la lengua enseña a identificar sus recursos, sus aptitudes, sus múltiples modalidades de persuasión, provocación, interpretación, incluidos el puro juego verbal, la ironía o la exageración burlesca. Sólo el ejercicio enseña la habilidad comunicativa, no la descomposición analítica del discurso, sino el ejercicio efectivo del mismo adiestra en el uso competente del idioma”.

Eta honekin zer adierazi nahi dugu? Helburuetan ados egonez gero (ikasle guztiek gaitasun komunikatibo berdina izan behar dutela ofizialak diren bi hizkuntzetan, alegia, gutxienez B2 maila euskara eta gaztelaniaren ezagutzan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan eta B1 maila hirugarren hizkuntza batean), hori ez dugu lortuko ereduen (A eta B) sistemarekin. Euskara ofiziala da, bai, baina hizkuntza gutxitua da, eta egoera diglosikoak hor dirau. Horregatik proposatzen dugu hizkuntza ereduak baztertzea eta murgiltze eredua ezartzea, eta murgiltze eredua erreala izan dadin, ikastetxeak euskara lehenetsiko duten eremuak izan daitezen eta euskararen arnasgune izan daitezen, Hizkuntza Proiektuak sendotu behar dira eta erdigunean jarri, ikastetxeen eguneroko jardunean eragin behar dute (ikasle, irakasle, langile eta guraso/familiak), ikastetxe bakoitzaren egoera errealera egokituta.

Hala ere honekin ez dugu esan nahi “murgiltze” eredua bera bakarrik denik irtenbidea; gizarte oso baten lana behar da, instituzio guztiena, elkarlan bat. Euskara ezagutzen ez dutenekin lan berezia egin beharko da, baina ez irakasteko bakarrik, maitatu eta erabiltzeko ere bai baizik. Eta hau ikasle guztiekin lortu beharreko helburua da, abiapuntua/bizilekua edozein izanda ere; eta horretarako, euskaratik urrunen dauden ikasleei baliabide bereziak eman beharko dizkiegu, ikasle guztien arteko berdintasuna bermatzeko. Ereduen sistemak goia jo du; bere garaian erabilgarria izan zen, emaitzak eman zituen; baina beste pauso batzuk eman behar ditugu aipatutako helburuak lortu nahi baditugu.

Aurrez esan dugun bezala, murgiltze eredua ezarrita bakarrik (ikastetxe bakoitzaren egoera errealera egokituta, noski) ez dugu egoera bere baitan konponduko. Bestelako neurri batzuk ere beharrezkoak dira: Ikastetxeko hizkuntza proiektuari zentraltasuna ematea, euskararen ebaluazio sendo bat, eskola komunitatearen motibazioa eragiteko ekintzak, ikasleen arteko harremana euskaraz indartzea, eleaniztasunaren izaera eta ezaugarriak jendarteratuko dituen diskurtsoa zabaltzea eta gizartean (etxean, aisialdian, esparru ez formalean…) euskararen erabilpena bultzatu eta errazten duten bestelako neurriak.

 

3.- INTEGRAZIOA ETA INKLUSIBITATEA

Euskararekin batera, gure egungo gizartean inor gutxi ausartuko da Hezkuntza sistemaren arazo nagusietako bat inklusioan eta segregazioan dagoela ukatzea. Horrela da, segregazioa gure Hezkuntza Sisteman orokortuta dago. Oso interesgarria iruditzen zaigu F. Javier Murillo eta Guillermina Belavi autoreen “Segregación escolar de estudiantes inmigrantes pobres en España” izenburua duen ikerketa. Ez du ezer berririk esaten, baina EAEri begira datu interesgarri bat azaltzen du: “El País Vasco es la única Comunidad Autónoma en la que los centros públicos tienen cifras más altas de segregación que los centros privados, a pesar de que escolarizan el mayor porcentaje de estudiantes inmigrantes de familias de menor NSEC (64,97%). Esto alerta sobre el desempeño de los centros públicos de esta Comunidad respecto al grupo poblacional en cuestión, pues la segregación escolar dificulta la tarea de su escolarización e inclusión social. En el resto de las autonomías, los centros privados presentan cifras más altas de segregación de los inmigrantes del Q1”.

Zer esan nahi du honek? Sare batek besteak baino ikasle etorkin gehiago eskolatzen duela, eta Euskal Autonomia Erkidegoa dela sare Publikoak gehien bereizten duen Erkidegoa.

Datu honekin ez diogu inori ezer leporatu nahi; aspalditik ezagutzen den errealitatea mahai gainean jarri nahi dugu: Gure sisteman sare publikoak etorkin kopuru handiena eskolatzen badu ere (dagokiona baino portzentaje handiagoan), sare publiko barruan matrikulazio hori ez da orekatua. Eta horrek segregazioaren auzian gutxitan aipatzen diren aldagai gehiago ere badaudela pentsarazten digu.

Gaur ez gara hasiko faktore guzti horiek sakonean aztertzen, baina aipatu nahi dugu arazo sakon eta handia dela gure gizartean, eta herri bezala konpondu beharreko egoera batean aurrean gaudela. Lortu beharko genuke sektore guzti hauek gureganatzea, bakoitzaren izaera errespetatuz eta mantenduz, baina berek ere euskal izaera onartzea eta bereganatzea eta bazterkeria egoera gainditzea. Bestela, gure etorkizuneko gizarteak sekulako arazoak izango ditu, beste herrialde batzuetan etengabe ikusten ari garen bezala. Gure herri txiki honetan ezin dugu onartu horrelako egoerarik, gure etorkizuna jokoan dago eta denok jarri beharko dugu gure aldetik dagoen guztia egoerari aurre egiteko.

Lehen esan dugun bezala, egoera honetara eraman gaituzten faktoreak ezin ditugu sakonean aztertu (egoera sozioekonomikoa, kuoten politika, euskararen egoera, herrietako etxebizitza politika, matrikula bizia banatzeko politika, ….). Baina, gure ustez posible den irtenbidea proposatzea gatoz: ikastetxe guztiak behartzea sozialki egoera zaurgarrian dauden ikasleak era progresiboan jasotzera, beren eremuaren arabera dagozkien kopuruan, oreka bat ezarri arte. Badakigu horrek eztabaida handia sortu dezakeela, eta indarrean dauden balore batzuekin talka egin dezakeela, baina neurririk egokiena dela pentsatzen dugu. Azken finean, neurri traumatikoak ez baditugu hartzen, egoera mantendu egingo da hurrengo urteetan, eta herri ikuspegi batetik baldintzatuko du etorkizunean gure erkidegoaren egoera sozioekonomikoa.

 

4.- GOBERNANTZA EREDUA

Ikastoletan jabetzen gara sektore eta leku askotatik Hezkuntza Sistemaren antolakuntzaren inguruan eztabaidatzerakoan, “Administrazioa” titularra duen ikastetxeak VS bestelako titulartasun bat duten ikastetxeen arteko lehia eta eztabaida pizten direla. Gure ustez gai hori ez da gakoa. Zergatik?

Lehenbiziko puntuan adierazi dugun bezala (Legearen beharra), Euskal Sistemak ez dio erantzun gaur egun gizartean dauden erronkei, eta gure ustez hori ez da izan ikastetxeek titulartasun bat edo bestea dutelako (dualtasun famatua), baizik eta Sistema Osoak ez duelako gaitasuna (edo ez duelako izan) dauden erronka berriei aurre egiteko. Are gehiago, Sistemak duen antolakuntza eta Gobernu ereduak eragina handia izan du emaitza horietan. Askotan begiratzen diogu beste herrialdeetan dauden emaitzei, baina ez, berriz, herrialde horietan dauden gobernantza ereduei (askotarikoak baitira, EAEn sarri erabiltzen den publiko-pribatu sailkapenetik harago askoz ere eredu gehiago baitaude).

Ikastolen ustez “publiko-pribatu” eztabaida alde batera utzita, gure hezkuntza-sisteman dauden gobernantza ereduak aztertu beharko genituzke, baita beste herrialde batzuetan daudenak ere, gurea proposatu aurretik. Horretan asmatzen badugu, ikastetxe guztiak norabide berdinean jartzen baditugu, errazago izango zaigu kalitatezko eta errealitateari aurre egingo dion sistema bat martxan jartzea. Horregatik, ikastolen ikuspegitik, Hezkuntza Sistema antolatzerakoan ikastetxeek betetzen dituzten baldintzak azpimarratu beharko genituzke, dituzten ezaugarrietan eta gobernantza ereduetan, Hezkuntza Sistemari eta gizarteari egiten dioten ekarpenetan, eta ez hainbeste ikastetxeen titularitatean.

Gure ustez, hau guztia bideratzeko, ikastetxe guztiak gai izan beharko lirateke benetako autonomia garatzeko. Alegia: beren hezkuntza proiektua egiteko eta garatzeko, beren barne antolaketa definitzeko, beren baliabide materialak eta giza baliabideen kudeaketa propio eta gardena egiteko, beren aurrekontu propioa izateko, partaidetza demokratikoa izateko (familiak, langileak, gertuko administrazioa, ikasleak) partaidetzarako eta erabakitze partekaturako ahalmenarekin. Eta hau guztia administrazioari eta gizarteari behar diren azalpenak eta argibideak etengabe emanez.

Amaitzeko, guretzat izaera sozial nabarmena duten ikastetxeak, irabazi asmorik gabekoak, gizarte ekonomian kokaturikoak, hezkuntzaren arloan ongizate-estatuaren oinarrizko helburuekin bat egiten dutenak, sistema publikoaren parte dira.

 

5.- EZTABAIDARAKO ETA AKORDIORAKO DEIA

Badakigu zaila dela, kanpoko faktore asko daude (ideologikoak, jaiotze tasaren jaitsiera, bakoitzaren egoera, ….) baina une historikoan gaude: erakunde hauek sortu zirenetik lehenengo aldiz, gure gizartearen eraikuntzan oinarrizkoa den Hezkuntza Sistema antolatu eta adosteko momentuan gaude. Eta hori ez dugu gauzatuko bakoitza bere lubakian mantentzen bagara; atera egin behar gara lubakietatik, hitz egin eta adostu egin behar dugu, hurrengo 20-30 urteak baldintzatzen ari baikara. Eta ez gara adostasunera iritsiko nork bere zilborrari begiratuz; ezberdinen arteko akordioak gauzatu behar ditugu.

Ikastolak prest gaude, eztabaidatu eta adostu egin nahi dugu, marra gorririk gabe, gure gizarteak hori eskatzen baitigu, eta ezin baitiogu kale egin. Jar gaitezen denok bide berdinean, bakoitza bere irizpide eta lekutik, baina denok elkarrekin.

Mahai honetan zaudeten guztioi deia egiten dizuegu bide horretan aritzera. Ikastolok bide- lagun izango gara, baina guk bakarrik ezin dugu ezer egin; denon ekarpena behar dugu.