Pasar al contenido principal
Kontseilua_pizkundea

Adierazpen irmoa egin dugu: «Euskararen etorkizuna jokoan dago, eta bada garaia berriro ere euskaltzaletasuna lehen lerrora ekarri eta euskarari beste pizkunde bat emateko». Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, euskalgintzako eragile nagusiok –Ikastolak barne– eta erreferentziazko hainbat euskaltzalek agerraldia egin dugu Euskaltzaleon garaia da adierazpena aurkezteko. 

Bidegurutzea, moteltzea, etena... Azken boladan hitz sorta jakin bat erabili izan da «ezinegona» erakusteko; hots, euskararen etorkizunak sortzen duen «kezka» adierazteko. Badaude horretarako arrazoiak: «Gero eta nabariagoak dira duela mende erdi pasa hasitako pizkunde zikloa agortu delako zantzuak». Hori horrela, Euskalgintzaren Kontseiluak orain urtebete adierazi zuen euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela. Alabaina, ez zen izan etsitzeko dei bat, ezpada euskarari beste pizkunde baterako argi izpia ekartzekoa, itxaropenaren txinparta piztekoa: «Euskaldunok, euskaltzaleok, asko dakigu horretaz. Euskaltzaletasuna, muinean, itxaropena baita». 

Euskarak lehen pizkundea izan zuen XIX. mendetik XX.erako mundu aldaketa hartan (Lore Jokoak, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza sortu zuten euskaltzale haien denen ekina...). Bigarrenarena, aldiz, hegoaldean bizi izandako frankismoaren testuinguruan gertatu zen, Ikastolen sorrera kasu.

Milaka euskaltzaleren eguneroko erabaki, ekintza eta keinuen bidez lortu dugu euskararen aldeko olatuak aktibatzea, eta beste pizkunde baten txinparta sortu nahi dugu Arantzazun: «Itxaropenerako deia egitera gatoz, euskaltzaletasunaren itxaropena zabaltzera, euskaltzaleon garaia dela esatera». Eta itxaropena ez da zain egotea: «Itxaropena egitea da. Beraz, ekiteko garaia da. Azken hamarkadetan egindako bideari zintzo begiratu, eta ondo zein gaizki egindakoetatik ikasi eta bide berriak abiatzekoa. Egungo erronkei kementsu heltzekoa». Alde egotetik alde egitera pasatzea. Euskararen alde egitera, hizkuntza gutxitu guztien alde egitera.

Euskaltzale izatea euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde egotea ez ezik, minorizatutako gainerako hizkuntza guztien alde egitea da.

 

 

Norbanakoak dira pizkundeari hauspoa emateko giltza, baina ezinbestekoak izango dira erabaki politikoak ere: euskarak ofizialtasuna behar duela Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa osoan, eta hesia jarri behar zaio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oldarraldi judizialarekin egiten ari diren desofizializazio prozesuari. Hizkuntza-politika anbiziotsu eta sendoak behar ditugu. Horregatik, denen beharra dago: euskalgintzan urteetan arituena eta arituko direnena.

Agerraldian belaunaldien arteko transmisioa ere irudikatu dugu, eta Kontxita Beitia andereño izandakoak kriseilu bat eman die Baionako Etxepare lizeoko ikasleei, azken urteetan indarrean izandako Azterketak euskaraz! dinamikako ordezkari gisa. 

Irudia
Kontseilua_pizkundea
Irudia
Kontseilua_pizkundea

ABENDUAK 27, BILBO

Adierazpena egiteaz gain, hitzordu bat jarri dugu mahai gainean: abenduaren 27an Bilbao Arenara euskaltzalez betetzea. Euskarari beste pizkunde bat emateko ekitaldia izango da. Helburua argia da: ahalik eta euskaltzale konprometitu gehien biltzea, euskaltzaletasunaren indarra erakusteko. www.pizkundea.eus web-orrialdean jaso dute ekimenaren inguruko informazio guztia, eta sarrera eskuratu beharra dago 10 euroren truke, aretoak berak hala eskatzen duelako. Sarreraren kostua artisten lana eta ekitaldiaren gastuen zati bat ordaintzera bideratuko da. Sarrera erosi arren azken momentuan joaterik ez baduzu, eman zure sarrera joango den beste pertsona bati, eta erosi sarrera ekitaldira joango ez bazara.

Bete dezagun Bilbao Arena pizkundeari hasiera emateko!

Orokorra

Euskarak bizi eta arnasa har dezan, komunitateak elkarrekin egitea ezinbestekoa da. Udazken honetan, beste behin, bi ekimen eder jarri dira martxan: Nafarroa euskalduntzeko Errigora kanpaina eta Zuberoako Ikastolen aldeko...

DBH

DBHko 1. mailako ikasleek erronka bota digute Gau Beltzaren bueltan: zenbat pisatzen du kalabazak? Lortutako dirua ikas-bidaia finantzatzeko erabiliko dute.

Orokorra

Globalizazioaren eta kultura amerikarraren hedapenaren ondorioz, azken urteetan Euskal Herrian Halloween ospakizuna nagusitu da. Dakartzan mehatxuak kontuan hartuta, aurre egin eta euskal kultura eta tradizioa sustatzeko...

Orokorra

Palestinako gatazkaren inguruko kontzientziazio-lanketa egiten ari gara, egoeraz hausnartzeko eta ikasleen artean elkartasuna sustatzeko. Gatazkak eragindako sufrimenduaren aurrean, Palestinako herritarrei gure babesa...