Pasar al contenido principal
LAB itxialdia

Aranzadi Ikastolako langileen mezua

2023ko Hezkuntza Legeaz geroztik, makina bat izan dira Ikastolen funtzionamenduaren eta Ikastoletako profesionalon gainean komunikabideetan argitaratutako gezurrak –edo egia erdiak–. Lege berriaren testuinguruan hartutako hainbat erabakik asmo zehatza dute: Ikastolak ahultzea. Kontuan hartu ez dutena da, ordea, konbentzimendu osoz eta herrigintzatik lanean diharduen kolektibo baten aurrean daudela.

Irakurri edota entzun behar izan dugu Hezkuntza Sailak Ikastolak erabat finantzatu dituela eta, hortaz, gurasoen kooperatiba-ekarpenak desagertu behar direla. Irakurri edota entzun behar izan dugu Ikastoletako langileon lan-baldintzak (orduen banaketa, baliabideak, soldata…) hezkuntza publikoko profesionalen baldintzekin ekiparatu direla. Irakurri edota entzun behar izan dugu Ikastolok ikasle zaurgarrien sarbidea bermatzen ez dugula. Bada, garbi eta zintzo diotsuegu: irakurri eta entzundako horiek ez dira egia erdiak, gezur borobilak baizik. Eta honaino heldu gara, ez dugu komunikazio-kanpaina faltsurik onartuko.

Legearekin batera, 2023an Ikastoletako langile-ordezkariok eta Hezkuntza Sailak lan-akordio bat sinatu genuen. Jaurlaritza, ordea, ez da betetzen ari orduan adostutakoa. Eta, besteak beste, horixe salatzera gatoz. Hezkuntza Sailak hitza eman zuen langile guztien lan-baldintzen homologazioa eta soldaten parekatzea gauzatuko zituela, baina gaur gaurkoz, ez da halakorik gertatu. Soldata-igoera txiki bat aplikatu zaie langile batzuei, baina ez guztiei. Eta 2027rako erabateko parekatzea gauzatzea nahi bada, pausoak ematen hasia egon beharko litzateke Hezkuntza Saila. Aldi berean, ez dugu notizia bakar bat ere lan-baldintzen homologazioaz: ratioak, baliabide gehigarriak, eskola-orduen eta ordu osagarrien banaketa… 

Garbi diogu: aldarrikapen hauekin gure lan-eskubideak exijitzeaz gain, ikasleen eskubideak defendatu nahi ditugu. Ikastola, komunitatea, proiektua eta bertako kide ororen ongizatea defendatu nahi dugu. Horixe da gure borroka-lerroa. Inork ez dio soldata-igoerari uko egiten, eta gure eskubidea dela uste dugu, baina garbi esango dizuegu: zalantzarik gabe, aurretik ditugu ratioak txikitzea bezalako aldarrikapenak

Hortaz, badugu nahikoa motibo zarata ateratzen hasteko. Badugu nahikoa motibo greba-ziklo luze batean murgiltzeko. Baina jakin badakigu mobilizazio mota horrek familien kontziliazioan eragin zuzena duela, eta beste borroka-molde batzuk aktibatzea erabaki dugu. Hala, azaroaren 26an Ikastoletako langileok itxialdiak egigo ditugu EAEko Ikastoletan.

Historikoki, gurasoen ekinaz eta babesaz, langileak izan gara Ikastolak aurrera ateratzeko giltzarri. Irakasle, hezitzaile edota zerbitzuetako langileak gara, baina horren aurretik proiektu honetan sinesten duten herritarrak. Aranzadi maite dugu Bergara maite dugun adina; herrigintza ikuspegitik egiten dugu lan, baina sarritan gure ahalmenaren eta osasunaren gainetik. Aranzadik Bergarako herri-proiektuari egiten dion ekarpenean sinesten dugu, ez zaigu konbikziorik falta. Baina gu zaintzea Ikastolako haur, nerabe eta gazte guztiak zaintzeko modua ere badela uste dugu.

Euskal Herriak behar duen hezkuntza-sistemaren eraikuntzan jarraitzeko konpromisoa da gurea. Euskal Eskola Publiko Komunitarioan eraiki nahi dugu, eta Aranzadiko profesionalok proiektu horren alde lanean dihardugu. Euskal Herri bateratua, euskalduna, feminista, ekologista, inklusiboa eta aurrerakoia eraikitzen ari gara, eta ez gaude prest herri-proiektu horri uko egiteko.

Amaitzeko, aldarrikapen hauek babestera deitu nahi zaituztegu. Hau Aranzadi-komunitatearen parte garen guztion borroka da, eta elkarrekin egitea dagokigu. Langileon eskubideak defendatzea ikasleen eskubideak eta Ikastola Eredua defendatzea da. Familion babesa behar dugu aurrerantzean egingo dugun mobilizazio bakoitzean. Batu zaitezte, herri-proiektu honek denon bultzada behar du!

 

Gora Aranzadi Ikastola!

Gora Euskal Herriko Ikastolak!

Gora Euskal Eskola Publiko Komunitarioa!

 

LAB sindikatua, Aranzadiko langileen izenean

Orokorra

Euskarak bizi eta arnasa har dezan, komunitateak elkarrekin egitea ezinbestekoa da. Udazken honetan, beste behin, bi ekimen eder jarri dira martxan: Nafarroa euskalduntzeko Errigora kanpaina eta Zuberoako Ikastolen aldeko...

Orokorra

Euskalgintzako hamarnaka eragilek eta euskaltzalek agerraldia egin dugu Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, eta adierazpen bat aurkeztu dugu. Euskaltzaleei dei egin diegu abenduaren 27an Bilbon batzera: «Euskaltzaleon...

DBH

DBHko 1. mailako ikasleek erronka bota digute Gau Beltzaren bueltan: zenbat pisatzen du kalabazak? Lortutako dirua ikas-bidaia finantzatzeko erabiliko dute.

Orokorra

Globalizazioaren eta kultura amerikarraren hedapenaren ondorioz, azken urteetan Euskal Herrian Halloween ospakizuna nagusitu da. Dakartzan mehatxuak kontuan hartuta, aurre egin eta euskal kultura eta tradizioa sustatzeko...