Pasar al contenido principal
Hezkuntza taldea

 

Jendartea abiadura bizian ari da aldatzen, eta hezkuntza- eta herri-eragileok gertutik jarraitu behar ditugu aldaketa horiek sortzen dituzten beharrak. Aranzadiren bertute nagusietako bat da lortu nahi dituen helburuekiko konpromisoa, eta ardura eta erantzukizun horretatik abiatuta sortu du Hezkuntza Taldea. Pedagogia da Ikastolaren lan-jardunaren bizkarrezurra, eta etengabe berrikusi eta egokitzen dihardugu; ez berrikuntza hutsaren izenean, baizik eta hezi nahi ditugun pertsonen mesedetan, eraiki nahi dugun herriaren mesedetan.

Duela bi ikasturte Hezkuntza Marko Orokorra argitaratu genuen, Euskal Herri osoko 115 Ikastolok hezkuntza ulertzeko eta garatzeko ditugun elementu komunak jasotzen dituen lan-lerro eguneratua. Horri tiraka, azken ikasturteetan prestakuntzan jardun dugu Aranzadiko profesionalok, hezkuntza-marko berritua gurera ekartzen eta gure pedagogia-jarduna aztertzen.

Egin-desegin edota ikasi-desikasi formulak martxan jartzeko momentua da orain, inflexio-puntu batean gaude. Horretaz guztiaz jarduteko, Hezkuntza Taldeko kide diren Idoia Ramirez de Okariz (HH), Irati Murgiondo (LH), Imanol Garitano (LH), Iraitz Salegi (DBH), Ainhoa Tatiegi (DBH) eta Ainhoa Mujika (Batxi) elkarrizketatu ditugu, ate-joka dugun eraldaketaz gehiago jakiteko.

Hezkuntza Taldea sortu berri du Aranzadik. Zertarako?

Iraitz Salegi (I.S.): Ikastetxe baten eguneroko bizitza oso konplexua da. Behar asko gurutzatzen dira aldi berean eta abiadura oso bizian. Ahalegina egin arren, sarritan ez dugu izaten guztia ongi landu eta koordinatzeko denbora eta espazioa. Etengabe dihardugu hutsuneak identifikatzen, baina ez da erraza horiei sakonki buelta ematea. Hezkuntza Taldea sortu dugu, hain justu, eraldaketa horiek lidera ditzan. Ez da nolanahiko apustua: 0-18 urte arteko haur eta gazteekin lan egiten dugun profesionalak modu bateratuan ari gara lanean. Sekulako erronka da hori, errealitate eta behar asko mahai gaineratzen direlako. Baina, aldi berean, pertsonaren osotasuna eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da garapenaren etapa guztietan bisioa eta lan egiteko modua partekatzea; Ikastolak duen bertute handienetako bat da.

"Ezinbestekoa da garapenaren etapa guztietan bisioa eta lan egiteko modua partekatzea; Ikastolak duen bertute handienetako bat da".

Haur eta gazteek bizitzaren zati handi bat Ikastolan igarotzen dute, 16-18 urte gehienen kasuan. Denborak aurrera egin arren, familia guztiak oroitzen dira beraien txikia Ikastolan hasi ziren egunaz.

Idoia Ramirez de Okariz (I.R.): Etxekotzea zentzuz zaindu beharreko momentua da, etengabe ari gara gaia lantzen Haur Ikastolan. Gurasoa ezin da une batetik bestera desagertu, ongi agurtzea segurtasuna transmititzeko modu bat da. Hezitzaileekiko eta espazioarekiko atxikimendua eta konfiantza segurtasunetik eraiki behar dira, prozesu horrek berak haurrari emango diolako aurrerantzean Ikastolan egoteko modu bat. Ulertzen dugu etxean intentsitate handiz bizi den prozesua izatea, eta sarritan bizi-baldintzek (lanak, konziliatzeko zailtasunek…) behar besteko patxada izateko aukera zapuztea, baina bisio hori partekatzea ezinbestekoa da haurrak Ikastola bigarren etxe gisa har dezan.

Haurrek ez ezik, gurasoek ere behar al dute etxekotzea?

I.R.: Bai, behar-beharrezkoa dute. Gainera, badakigu familientzat ere konfiantza ariketa handia dela: espazio berri bat, heldu berriak, zalantza eta kezka mordo bat. Haur eta familien ongizatea izaten da erabakiak hartzeko pisuzko argudioa, hor jartzen dugu arreta. Azken urteetan sortu ditugu momentuak familiak etxe barruraino sartzeko –taldeko meriendak, esaterako–, eta badira beste batzuk aztertzen ari garenak: familientzako edoskitze-gela, adibidez. Dena dela, uste dugu gurasoen etxekotzea espazioari baino, Ikastola eta familiaren artean partekatzen den hezkuntza-bisioari lotua egon behar dela. Zentzu horretan, guraso-eskola jarri dugu martxan, Haur Hezkuntzako familiei zuzendua, momentuz.

Zein izango da guraso-eskolaren helburua?

I.R.: Gurasoek beraien seme-alabak hezteko bidean dituzten zalantzak elkarbanatzea, familiaren eta Ikastolaren artean hezkuntza ulertzeko modua partekatzea eta familien-foroa sortzea. Ikasturte honetan, asmoa da 0-6 urte bitarteko haurren gurasoei espazio berri bat eskaintzea beraien nahi eta interesetatik abiatutako saioak gauzatzeko. Abendu hasieran hezkidetzaren ingurukoak izan genituen Emagin elkartearen eskutik, eta urtarrilaren 21ean eta otsailaren 25ean Harremanak taldeko kideek gidatuko dute guraso-eskola. Lehen saioa haurren garapenaren inguruko lanketan oinarrituko da, helduongandik zer behar duten azpimarratuz. Bigarren saioan, aldiz, norbere interesak eta egonezinak elkarbanatzeko foroa sortuko dugu.

Sarritan kosta egiten da norbere hezitzaile-papera beste batzuekin partekatzea.

Irati Murgiondo (I.M.): Normala da, hainbat kasutan gure burua edo jokabidea zalantzan jartzen duelako –bai guraso gisa, eta baita irakasle gisa ere–. Halere, kontziente izan behar gara haurren beharrak modu indibidualean ez ezik, kolektiboan ere landu eta ase daitezkeela eta ase behar direla. Gainera, hala egiteak eman lezake ikuspegi inklusiboagoa. Galdera da: prest al gaude horretarako? Kasualitatea edo kausalitatea da hezkidetzaren inguruko HHko guraso-eskolan elkartu ziren gurasoek alabak izatea, eta ez semeak? Haurrengan ezartzen ez ditugun mugak zenbateraino dira irakasleon intseguritateak? Ardura hartzea da lehen premisa.

Hezkuntza Taldea

Azkenaldian asko entzuten da limite eta arauen aferaz. Zergatik?

I.M.: Esango nuke beharra egon badagoelako. Gizarteak sortutako kanpo-faktoreek (bizitza erreproduktiboaren azkartasuna, digitalizazioa, indibidualismoa…) eragin zuzena dute heziketan eta horren begiradan. Horrez gain, uste dut badagoela haurraren autonomia edo Konfiantzaren Pedagogia bera ulertzeko modu oker bat: haurra autonomoa izan dadin bultzatzea edo bere gaitasunetan konfiatzea ez da erabaki guztiak bere esku uztea. Alderantziz, helduaren esku-hartzea ezinbestekoa da arau batzuk barnera ditzan eta limiteak errespeta ditzan. Eta ez gara zigorraren kulturaz hitz egiten ari, haurrari segurtasuna emateaz baizik. Haurrak mugak ulertzeak elkarbizitzan eragin zuzena dauka, norbanakoaren segurtasunak kolektiboa indartzen baitu.

Nola eragiten du gai horrek pertsonaren garapenean?

I.M.: Bete-betean eragiten du, eta bizitza osoan du inpaktua. Adibide bat jarriko dut: autonomia garatzeko segurtasuna garatzea ezinbestekoa da, eta mugek bermatzen dute segurtasun hori. Haurrak badaki zer dagoen baimenduta eta zer ez, eta lasai mugitzen da. Segurtasuna eta autonomia garatuta ez duen haur batek nekez barneratuko ditu irakurketa-idazketaren oinarriak. Pertsonaren garapenak, bere osotasunean, eragin zuzena du arlo akademikotzat dugun esparruan, esaterako, irakurketa-idazketa prozesuari dagokionean. Kasu batzuetan, haurren artean garapen-mailan dagoen desberdintasunagatik, geuk ere ez dugu asmatu ikasketa hori ongi bideratzen. Argi dago erronka handia dugula esparru horretan, eta prozesua aztertu eta berreraikitzen ari gara uneotan HH eta LHko irakasleak elkarlanean.

Haurrek adinean gora egin ahala, ikasketa-metodologia ere aldatu egiten da.

Imanol Garitano (I.G.): Bai, bapatean zurrundu egiten dira jakintza-arloak eta espezialitateak, batez ere LHko 4. mailatik gora. EKIk arlo batzuk elkarrekin lantzera eta proiektu bidezko ikasketara eramaten bagaitu ere, oinarrian landu eta ebaluatzen dena jakintza-arloa bera da. Azkenaldian konpetentzien inguruko hizketaldiek hartu dute hezkuntza-arloa; guk hamabi urte inguru dihardugu edukiak ez ezik, ikasleen konpetentziak lantzen, eta heldu gara puntu batera uste duguna ez dela nahikoa. Zergatik? Nahi dugulako Aranzadin hezitako gazteek irteera-perfil akademiko batez harago, pertsona-eredu osatuago bati erantzutea.

"Pertsona-ereduak erantzuten dio bizitza osorako balio-sistema bati, ez soilik gaitasun akademikoen zerrenda bati".

 

Zertan oinarritzen da aipatzen duzun pertsona-eredua?

I.G.: Ikastolok mahai gainean jarri dugun definizio berri bat da, gure hezkuntza-praktikaren erdigunean kokatu nahi duguna. Orain arte ere egin dugu bidea horra heltzeko, baina berariaz tratatu nahi dugu aurrerantzean. Pertsona-ereduak erantzuten dio bizitza osorako balio-sistema bati, ez soilik gaitasun akademikoen zerrenda bati. Ikasleen irteera-profilaz hitz egiten jardun dugu gaur arte, baina pertsona-ereduaz jardutean ikasle, guraso zein irakasleetaz ari gara, guztiok garelako pertsona eta guztiok izan gaitezkeelako eredu. Orain, galdera ondorengoa da: nola hezi pertsona euskaldun kontzienteak, beraien burua eta ingurukoak ezagutu, onartu eta zaintzen dituztenak, lan-kooperatiboan jardungo dutenak, gizarte hobe baten alde egingo dutenak eta erabakiak hartu eta sen ekintzailea izango dutenak? Hori nola lortu da galdera.

Hezkuntza Taldea

Eta galdera hori egiten hasiak zarete?

I.S.: Bai, hain justu hori dago Hezkuntza Taldearen praktikaren erdigunean, eta horixe da Bagoiaz prozesua martxan jartzeko arrazoia. Izenak erreferentzia egiten dio bideari: poliki-poliki ikasleengan, herrian, Ikastolan, etxean eragiten dihardugu, eta guztiok bide berean pausoak ematen jarraitu nahia islatu nahi du. Hala, baloreak lantzeko duen bide-orri orokorraz harago, Ikastolak izan behar du egitura bat pertsona-eredua berariaz lantzera bideratuko dena. Uste dugu gaur egun etapa batzuetan dugun antolaketa- eta egitura-moduak ez duela ikaslea %100 laguntzen pertsona-eredu hori gara dezan.

Baina Ikastolaren praktika baloreetan zentratzen bada, non geldituko da alderdi akademikoa?

I.S.: Erabat uztargarriak dira. Pertsona-ereduak bere barnean hartzen ditu ikasleen gaitasun akademikoak, ezin da beste era batera izan. Edukiak, jakintza, dira gure lanabesa, eta hortik eragin behar dugu. Ikasleek diziplina askotako edukiak jaso behar dituzte bizitzako egoera errealei aurre egiteko, gizartean kokatuago egoteko. Pentsatu behar duguna da nola jarri edukiak pertsona-ereduaren lanketaren mesedetan. 

Zer da zehazki zalantzan jartzen ari zaretena?

Ainhoa Tatiegi (A.T.): Ebaluazioak, adibidez, kezka handia sortzen digu. Azkenaldian denbora gehiegi eskaintzen diogu burokraziari: ebaluazio-taula oso konplexuak diseinatu, itemak bete eta bete, kalifikatzen pasatzen dugu egun osoa. Eguneroko beharretara egokitu ordez, gelako jarduna mugatu dezake ebaluazioaren zurruntasunak. Hezkuntzak hartu du norabide hori, eta hortik atera nahi dugu. Izan ere, praxi horrekin jarraituz gero, ikaslea erdigunean jartzea erabat ezinezkoa izango da, eta horretaz kontziente izan behar dugu.

Posible al da bide berri bat sortzea, egun eskola-orduak antolatzeko dagoen egiturarekin?

A.T.: Ez dut gezurrik esango, zalantza handia sortzen digu. DBHn, esaterako, ordu bakoitzean irakasle aditu bat sartzen da ikasgelan, eta bere arloan zentratzen da. Gauzatzen ditugu diziplinarteko proiektuak, bai, baina eguneko orduen zati handiena arlokako lanketak hartzen du. Ordutegiaren antolamendu horrekin, posible da gure praktikaren erdigunean pertsona-eredua eta ikaslea bera jartzea? Ezetz pentsatzen hasiak gaude, eta buruhauste horri erantzun oso bat eman nahi diogu.

Hezkuntza Taldea

Baina ordutegia eta metolodogia erabat aldatuz gero, ikasleek nola kudeatuko dute batxilergora jauzia?

Ainhoa Mujika (A.M.): Errealitate ukaezina da batxilergoa erabat baldintzatzen duela Unibertsitatera Sartzeko Probak (USaP). Kanpo-faktore oso inportantea da, baina ezin du gure hezkuntza-proiektua erabat baldintzatu. Arlo akademiko tradizionalak –nolabait esatearren– pisua hartzen du batxilergoan, baina uste duguna da behin momentu horretara helduta pertsona prest egon behar dela egoera hori –tentsioa, esfortzua…– kudeatzeko. Azkenaldian zailtasunak ikusten ari gara esparru horretan; ikasle askori gain hartzen die batxilergoko presio-mailak. Izan ere, faktore asko elkartzen dira: norbere buruarekiko exijentzia, esfortzua biderkatzea, gurasoen espektatibak… Horren aurrean, konbentzituta gaude ikasleak akademikoki ez ezik, egoera horri aurre egiteko prestatu behar ditugula, eta horixe da pertsona-ereduaren lanketak proposatzen duena.

Esfortzua aipatu duzu behin baino gehiagotan.

A.M.: Bai, batxilergoan oso presente dugun gaia da. Esfortzuaren kultura gainbeheran dago gizartean orokorrean, eta, gure kasuan, batxilergoan erabat bistaratzen da. Erronken aurrean norbere edota taldearen ahalegina indartzea ikasketa oso inportantea dela uste dugu, eta ikuspegi-aldaketa honekin horretan ere eragin nahiko genuke.

"Proposatzeko duguna ez da metodologia-eraldaketa hutsa, begirada edota paradigma aldaketa oso bat da".

Bidea hasia duzue, hortaz. Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?

A.T.: Proposatzeko duguna ez da metodologia-eraldaketa hutsa, begirada edota paradigma aldaketa oso bat da. Horregatik, uste dugu ezinbestekoa dela prozesua komunitate osoarekin egitea. Aurrez aipatu dugu Ikastolako profesionalek eta familiek hezkuntza ulertzeko modua partekatzea dela gakoa, eta horretarako espazioak sortuko ditugu aurrerantzean. Zein da helburua? Bada, pertsonaren garapena osotasunean kontenplatzea, ez soilik konpetentzia zehatz batzuen baitan. Horretarako, ezagutza akademikoa, gaitasun pertsonalak eta gizartean parte hartzeko jarrera landu behar ditugu. Zertarako? Ikastolan hezten dihardugun pertsonek bergarar aktibo, euskaldun eta humanoak izaten jarrai dezaten, norbere burua zainduz eta taldea lehenetsiz.

Hortaz, aurrerantzean izango dugu Hezkuntza Taldearen berri.

A.T.: Bai, eta laster gainera. Ate-joka ditugu Haur Hezkuntzako familientzako prestatu ditugun guraso-eskolak, eta familiekin pertsona-ereduaren inguruko lanketa egiteko saioak udaberrirako programatuta ditugu. Garrantzitsua izango da horietan parte hartzea, komunitate osoak egin beharreko apustua dela iruditzen baitzaigu.

Hezkuntza Taldea

 

HH

Gurasoek seme-alabak hezteko bidean dituzten interes eta zalantzak elkarbanatzea, familiaren eta Ikastolaren artean hezkuntza ulertzeko modua partekatzea eta familien foroa sortzea dira ekimenaren helburu nagusiak.

DBH

Gizarteko eskoletan Erdi Aroa lantzearekin bat, Iruñeko eta Nafarroako Erresumak izan ditugu aztergai DBH 2ko ikasleekin. Gaia borobiltzeko, Amaiurko museoa, gaztelua eta errota bisitatu ditugu.

Orokorra

Ekimenak euskara, euskal kultura eta nazio-ikuspegia lantzea izan du helburu. Pozik gaude lehiaketak izan duen harrerarekin, izan ere, haur, gazte eta heldu ugarik hartu du parte, eta kalitate handiko lanak sortu dituzte.

BATXI

Urtero legez, lehen hiruhilekoko azterketak bukatu bezain laster, irteera egin dugu batxilergoko ikasleekin. Lurraldetasunari keinu eginaz, Lapurdiko hiriburua bisitatu dugu eta, besteak beste, euskaraz idatzitako lehen...